'Bizipoliak' itzuliko dira Iruñeko karriketara

Haritz Pascual Garjon 2024ko eka. 25a, 12:33

Bizipoliak Iruñeko Alde Zaharrean

2015eko legegintzaldian martxan jarri zen zerbitzua, 2019an bertan behera utzi zuen Enrique Mayak eta orain, udal gobernu talde berriak berreskuratuko du. Gaur arratsaldetik 9 udaltzain ariko dira Iruñeko kaleak bizikletan zaintzen.

Bigarren saiakera da Iruñean bizikleta gaineko poliziak ezartzeko. 2015eko legegintzaldian egin zen lehen saiakera baina 2019an UPN poterera iristearekin bertan behera geratu zen. Udalean aldaketa gauzatuta berreskuratu da zerbitzua, gertutasun polizia zabaltze aldera. “Uste dugu ordenantzak betetze aldera oso tresna erabilgarria izanen dela talde hau” azaldu du Endika Alonso, hiri segurtasunerako zinegotziak; “Espazio publikoaren erabileran auto, bizikleta, patinete eta oinezkoen artean gertatzen diren tirabiretan eragitea espero dugu”. Uztailaren 6 eta 7an kenduta, sanferminetan ere mantenduko da zerbitzua.

Bizikleta gaineko udaltzain talde berriak gaur abiatuko ditu bere zerbitzuak, Donibane, Iturrama, Mendebaldea-Ermitagaña, Etxabakoitz, Sanduzelai, Buztintxuri, Arrotxapea eta Txantrean. “Bidegorriak eta parkeak zainduko dituzte, hiritarrei behar duten informazioa eta ohartarazpenak ematen”. Unitatea osatuko duten 9 poliziek, aurreko saiakeran erabili ziren bizikleta berberak izanen dituzte. “Reciclo programaren bitartez, bizikletak konpondu eta prest utzi ditugu” azaldu du Alonsok, “Gizarte gaietarako arloarekin elkarlanean, tailer sozialetan, bizikleta hauek konpontzen lagundu gaituzte”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!