Gotzon Barandiaran: "Nire belaunaldiak bizi izan duen aro bortitza gure hitzekin kontatu behar dugu"

Miren Mindegia 2024ko eka. 20a, 12:03

Idazle larrabetzuarrak 'Galbahea' poesia liburu berria aurkeztuko du ostiralean Karrikirin, Harkaitz Canorekin batera

Poesia barrura begirako zerbait bezala ulertu daiteke, bakardadean idatzi eta bakardadean irakurtzen den zerbaiten gisa. Edo ulertu daiteke poesia solas bezala, elkarrizketa bezala. Bide horretatik doa Gotzon Barandiaranen (Larrabetzu, Bizkaia, 1974) Galbahea poesia lan berria, ostiral arratsaldean Iruñeko Karrikiri liburu-dendan aurkeztuko duena arratsaldeko 19:00etan. 

Bere belaunaldia zedarritu zuten gaien inguruko elkarrizketa sustatzea du helburu idazle larrabetzuarraren lanak, eta bide horretatik joko du ere aurkezpenak. Karrikirin, izan ere, Harkaitz Canorekin batera egonen da, haren Ulu egiteko bolondres bila ere solasgai izanen baitute. 

Egileak argitu moduan, galbahea kontzeptuaren inguruan ardaztu du hasi eta buka, poema bakar bat bezala ulertu daitekeen liburua. "Gaur egun ni naizen hau zer baztertuta eta zer gordeta naizen, horri erantzuten saiatu naiz. Bai nik bai gure belaunaldiak bizi izan dugulako oso aro bortitza, biolentzia nagusi zen garai bat. Eta uste dut sasoi hori kontatu behar dugula, zein ondorio eta zein aztarna utzi digun azaltzeko, eta kontatu behar dugu gure hitzez".  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!