'Olaiaren lorategia' objektu antzerkia emanen da igandean Iruñeko Ziudadelan

Miren Mindegia 2024ko eka. 20a, 11:17

TDiferenciak antolatzen duen 'Rincones y recovecos' jaialdiaren eskutik dator Pájaros Pintados antzerki taldearen lana

TDiferencia konpainiak Iruñeko udalaren laguntzarekin antolatzen duen Rincones y Recovecos jaialdia bueltan da, VI. edizioarekin. Ekainaren 22an eta 23an antzerkia, musika eta dantza izango dira berriz ere ardatz Iruñeko Ziudadelan, aurten, agertoki berriekin eta berdintasuna eta aniztasuna nortasun-ikur direla.

Artista gazteei oholtza eskaintzea helburu duen jaialdiaren eskutik, igandean euskarazko obra bat emanen da, arratsaldeko 19:15etan, Pájaros Pintados antzerki taldeak sortutako Olaiaren lorategia hain zuzen ere, larunbatean gaztelerazko bertsioan emanen dena El jardín de Olivia izenburupean. Victoria Álvarez Musetti altsasuarrak idatzi eta zuzendutako obra honetan Manuela Orbegozo eta Maia Ansa aktoreak izanen dira protagonista. Ansak berak argitu moduan, "objektuen bidezko antzezlan bat da hau, non objektuen bitartez bestelako errealitateak irudikatzen diren eta objektuek, nolabait, bizitza daukaten. Zerbait magikoa da". 

Aktore iruindarrak nabarmendu bezala, antzezlanak "galeraren eta doluaren inguruan hitz egiten du, intimoa izan arren oso unibertsala ere baden bizipena". Hala, obra Olaia protagonistaren lorategian garatuko diren lau istorio laburrek osatzen dute. Bertan, familiako emakumeek belaunaldiz-belaunaldi landutako oroitzapenak loratuko dira. 

Emanaldirako sarrera, jaialdiko gainontzeko emanaldiena bezala, doakoa izanen da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!