Marina Lameiro: "Film kolektibo batean zuzendaria gidaria da, herritarrek dute ahotsa"

Miren Mindegia 2024ko eka. 10a, 18:49

Zinemagile iruindarraren 'Krutxalteatik Uronarat' filma emanen da asteartean Iruñeko Golem Baiona aretoan Zinemaren eta Emakumeen 38. erakustaldiaren eskutik

IPES Fundazioak eta Golem zinemak elkarlanean antolatzen duten ‘Zinemaren eta Emakumeen 38. erakustaldiak etxeko egileak izanen ditu protagonista astearte arratsaldean. 18:00etatik aurrera, bi zinemagile iruindarren lanak ikusteko parada izanen da: Marina Lameiroren Krutxalteatik Uronarat eta Ione Atenearen Luces en Sombra. 

Krutxalteatik Uronarat filmak Ustarrotzeko herria erretratatzen du uda batez, baina ez edonola. Izan ere, herritarren parte hartzearekin egindako film kolektiboa da, Lameirok berak azaldu digun bezala: "Ustarrotzek badu berezitasun bat, eta da dagoeneko hiru film grabatu izan direla bertan. Nik ez nuen, besterik gabe, laugarren film bat grabatzera doan zinemagile bat izan nahi. Herritarrei euren filma egiten lagundu nahi nien, eta hori da egin genuena". Proiektua Nafarroako Gobernuak antolatzen duen Landarte programaren eskutik garatu zen. Lameiroren iritziz, herritarren komunitatea indartzeko ere balio izan zuen prozesuak: "Oso gauza politak gertatu ziren filma grabatu bitartean, herritarren artean sarea indartu zen, elkarrekin egoteko aukera izan zuten. Azkenean, kontatzen dena da Ustarrotzeko uda bat, Pirinioetako herri bateko uda bat". 

Lameiroren filmaren ondotik Ione Atenearen azken filma emanen da: Luces en Sombra. Bertan, zuzendari iruindarrak emakume zaintzaileei ematen die ahotsa, zaintza profesionalaren inguruan dauden hutsune eta gabeziak lehen pertsonan kontatzeko asmoz. Ekainaren 7an abiatu zen Zinemaren eta Emakumeen zine erakustaldia ostirala arte luzatuko da

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!