Broken Brothers Brass Band taldeko eta beste hainbat proiektutako kide Amets Aznarezek eta Ion Celestinok musika, umorea eta filosofia uztartzen dituzte Irratiak ordaintzen digu trena bideopodcastean, ez beti hurrenkera horretan. Haien lehen denboraldi honetan Olaia Inziartek, Burutik taldeko Luar Alberdik, Ibil Bediko Amets Arangurenek, Chill Mafiako Martin Cervantes Tulik, Maite Arroitajauregik, Muxutruk pop izarrak eta Bourbon Kings taldeko Igor Eskuderok egin dituzte moderatzaile lanak haien emanaldietan.
Euskalerria Irratiaren zenbaketa ofizialaren arabera hamabi saio egin dituzte denboraldi honetan, baina haiek diote bigarrena ez zela sekula zabaldu. “IODTren bigarren saioa zergatik geratu ote zen emititu gabe? Ba une honetan guk ere ez dugu garbi, baina egun horretako gaiak eta beste batzuk harturik zuzenean grabatuko edo birgrabatuko dugu Katakraken”, azaldu du Celestinok.
Denboraldian gai askotarikooak jorratu dituzte: Nabarreriaren geopolitika, maketoen txitxirioak eta etika iraultzailea, besteak beste. Katakraken mintzagai izanen dituztenen inguruan deus gutxi aurreratu dute; klasikorik klasikoenak presente izanen direla, besterik ez. “Erpuru barneragarriaren aldeko plan estrategikoa eta sanferminen aboliziorako mahai sektoriala? Ez dira gai zerrendan faltako”, aitortu du Aznarezek. “Ahalik eta ildo kultural gehienei eskainitako laidoak eta bi txosten mamitsu prest ditugu”, gaineratu du Celestinok, ohi duenez, azken hitza esan nahian.
Gonbidaturik, zuzeneko musikarik edota bestelako ezustekorik izanen den ez dute argitu nahi izan.