Xabier Irujo: "Gamazadatik asko ikasi dezakegu, matxinada eredugarria izan zen"

Euskalerria Irratia 2024ko mai. 21a, 15:48

'Gamazada 1893-1894' izenburupean, Nafarroako Foruen defentsan mugarri izandako gertakari historikoaren inguruko hitzaldi-kontzertua eginen da ostiralean Iruñeko Joaquin Maya musika eskolan, arratsaldeko 19:00etan 

Musika eta historia eskutik joanen dira ostiralean Iruñeko Joaquin Maya musika eskolan 'Gamazada 1893-1894' hitzaldi-kontzertuarekin. Xabier Irujo historialariak argitu moduan, Nafarroako historian erabakigarria izan zen une historiko hau gogoratu eta ezagutzera emateaz gain, bere garrantzia nabarmentzea ere izanen du helburu ekitaldiak. Hitzaldiaren ondotik, XIX. mendeko nafar musika piezak berreskuratuko dira piano eta txistu soinuaz, Garikoitz Mendizabal txistulariaren, Josu Okiñena piano jolearen eta Alfonso Iturriak zuzenduko duen txistu taldearen eskutik. 

Itzal handiko musikariak, beraz, "Hego Euskal Herriko azken matxinada handia" gogora ekartzeko, Irujok azpimarratu bezala. Gamazada, izan ere, Nafarroako independentzia administratiboa defendatzeko herri altxamendua izan zen, herritarrak bakarrik ez eta orduko agintariak bateratu zituena Germán Gamazo Ogasuneko ministroak proposatutako lege berriaren kontra. Lege hark, izan ere, Nafarroak ordura arte mantendu zuen zerga autonomia deuseztatzea zuen helburu, estatuko gainontzeko lurraldeekin parekatuz. Nafarroako zein Hego Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetako herritarren eta agintarien erantzun irmoa eragin zuen lege proposamen hark. "Matxinada bezala eredugarria izan zen, agintariak eta herritarrak elkartu zituena. Iruñean, 20.000 pertsona bildu zituen manifestaldi handi bat egin zen horren harira. Azkenean, borroka hori irabaztea lortu zen eta ondorio erabakigarriak izan zituen garaipen hark: foruak, kontzertu ekonomikoa... Baita euskal identitatearen indartzeari dagokionez ere". 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!