UEUk hiru ikastaro eta hiru jardunaldi emanen ditu udan Iruñean

Miren Mindegia 2024ko mai. 8a, 18:29

Udako Euskal Unibertsitateak ekainaren 6tik aurrera izanen diren ikastaro eta jardunaldien berri eman du gaur Iruñean

Azken bi urteetako hariari jarraituz, 20 jardunaldi eta topaketa antolatu ditu Udako Ikastaroaren 52. edizioan, hainbat eragilerekin elkarlanean, euskal gizartearentzat garrantzitsuak diren gaien inguruan hausnartzeko helburuarekin. Arnasgune akademiko eta euskaldunen topagune bezala definitu dituzte UEUko arduradunek. Ikastaroek hilabete iraungo dute eta ekainaren 6tik uztailaren 10era eta Euskal Herriko txoko askotara iritsiko dira: Iruñea, Eibar, Baiona, Donostia, Bilbo, Tolosa eta Usurbil. Ahalik eta jende gehienak parte har dezan, 10 euro balioko dute matrikula guztiek. Izen-emateak zabalik daude dagoeneko eta informazio guztia www.ueu.eus helbidean aurkitu daiteke. 

Udako Ikastaroetako hiru emanen dira aurten Iruñean, ekainaren azken astean. Doakoak izateaz gain, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) ECTSak emango dizkie ikasleei eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ere, irakasleen etengabeko prestakuntza gisa homologatu ditu. Ikastaro hauek 2017an UEUren Udako Ikastaroetako egoitza iraunkorra izendatua izan zen Ezpeleta jauregian eskainiko dira. 

Irati Iciarrek, UEUren Udako Ikastaroen arduradunak aurtengo edizioan 20 jardunaldi, topaketa eta gogoeta gune prestatu direla aipatu du. Iruñea, Baiona eta Eibarrez gain, aurten Usurbil, Bilbo, Donostia eta Tolosara ere iritsiko dira UEUren Udako Ikastaroak. “Duela bi urte, Udako Ikastaroen 50. urteurrenaren baitan, gizartearentzat eta UEUrentzat estrategikoak diren gaiak lantzeko erabakia hartu genuen, eta ildo horretan jarraituko dugu. Udako Ikastaroak konpartitzeko guneak dira. Izan ere, UEUk izaera herritarra dauka eta euskal gizartearentzat interesgarriak eta beharrezkoak diren gaiak lantzeaz gain, parte hartzea sustatuko dugu”.

Horren aurretik, alta, hasiera-ekitaldia Iruñean egingo dute ekainaren 6an, Kondestable jauregian, UEUrentzat estrategikoa den gai bat lantzeko helburuarekin: Euskararen estatus juridikoa Euskal Herrian: egoerak eta aukerak. Euskararen estatus juridikoa Euskal Herrian konplexua da. Hiru estatus oso desberdin ditugu Nafarroa Garaian, Ipar Euskal Herrian, eta Euskadiko Autonomia Erkidegoan (EAE). “Gaia pil-pilean dago azkenaldian EAEn euskara nozitzen ari den oldarraldi judizialagatik. UEUk jardunaldi hau ikuspegi zabaletik planteatzen du, egungo koiunturaz haratago, gure esparrukoa den ekarpen akademikoa eginez. Helburua bikoitza da: alde batetik, bizi dugun esparru juridikoaren irakurketa akademikoa konpartitzea, eta haren arazoak eta zalantzak plazaratzea. Horrekin batera, ikuspegi anitzekoa eta nolabait prospektiboa den gogoeta bultzatu nahi dugu, ertz desberdinetatik helduta, eta euskararen egoera eta etorkizunari buruzko gogoetarako klabeak eman”.

Hala ere, udakoen ezaugarriak bere horretan mantenduko direla azpimarratu du Iciarrek: “Aurrez aurrekotasuna ezinbestekoa da udakoetan, jendeak hausnarketa egiteaz gain, elkar ezagutu eta komunitatea trinkotzea baitute helburua. Udakoak arnasgune akademikoa dira bertara hurbiltzen direnentzat eta baita euskaldunen topagunea ere. Jardunaldi formatu eta mota ezberdinak, ohiko hitzaldiez osatutakoak, mahai inguruak, tailerrak eta ikerketa ere barnebiltzen dutenak: ikertzaileen lanak gizarteratzeaz gain (matematikari eta hizkuntzalariak, komunikazioak aurkeztuko dira), jardunaldi batean ikerketa-laborategi bat sortuko da (Belaunaldiartekotasuna), partaideak berak izango dira lagin, sortzaile eta hartzaile”.

Udako Ikastaroak hainbat eragilerekin batera antolatu dira tartean Kontseilua, JAKIN,  Rolariak Kultura Elkartea, Iratzar Fundazioa, Udalbiltza, Oinherri edo ALDEE.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!