Hasier Moreno iruindarra arkitektoa, irakaslea eta akuarelistatzat aurkeztu du bere burua. Izan ere, berriki Pausa bat, hamaika paisaia erakusketa zabaldu du Ziudadelan 24 artelanekin. Erakusketa maiatzaren 19ra arte egongo da zabalik eta maiatzaren 12an zein 19an, bisita gidatuak egingo ditu Morenok bere lanen nondik norakoak azaldu eta bertaratzen direnen galderei erantzuteko.
Obretan irudikatzen duenaz harago, margotzearen teknikaz mintzo da, “noiz bukatu behar den akuarela” garrantzitsua ere badela argitu du Morenok, teknikaren gakoetako bat baita berarentzat. “Akuarelak erabiltzen dituzunean borroka bat da, artista eta teknikaren artekoa", azaldu du. Akuarelaren "gidaria" izatea gustatzen zaio, "nik hautatzen dut tonua, margotzeko keinua eta intentsitatea, baina urari ere utzi behar diogu bere efektuak egiten". Eta nabarmendu du, "horretan datza akuarelaren misterioa", eta beraz, "borroka horretan pausa behar da, koadroa ikusteko eta disfrutatzeko”.
Arkitektura ikasketak egin zituen Morenok eta obretan bere pasioak zuzenean uztartzen ez baditu ere, bietatik edaten du bere sormenak. “Planoak, gauza zorrotzak eta zurrunak” ikusten ditu batzuetan paisaiari begira dagoenean, hartara, unean uneko zeruari garrantzia eman dio bere margolanetan. Morenoren iritziz, “zerua, hodeiak eta agente atmosferikoak” ere badira paisaia. “Zeruan askotan ikus ditzakegu barnean ditugun sentimenduak”, gaineratu du.