26 dira monumentua eraistearen aldeko erakundeak, izan ere, haien familien memoria eta egiaren, justiziaren eta erreparazioaren printzipioak errespetatzeko irtenbide bakarra da Erorien Monumentuaren eraispena. Halaxe aldarrikatu zuten atzo eraistearen aldeko plataformek Iruñeko Udaletxearen parean egindako ekitaldi antzeztuan.
Manifestua irakurtzeko beste modu bat bilatu du Angel Sagues zuzendariak. Antzerkiaren bitartez Mola eta Sanjurjoren mausoleo faxistaren etsipenaren aurkako eraispena simulatu dute aitona ezkertiarra eta aitona eskuindarra duten bi haurren istorioaren bitartez. Zertarako ote den Monumentua eta zein hildako omentzen dituen ari dira galdezka.
Zuzendariak azaldu duenez elkarte memorialistekiko elkartasuna dago aldarrikapenaren oinarrian. Txema Leston Oltza Zendeako elkarte memorialistako kideak ere mezu garbia helarazi zion ahotsa.info hedabideari ekitaldian, “jada esanahia duen zerbaiti ezin zaio kendu, eta eraikin horrek faxismoak 1936an hildakoei eragindako umiliazioa irudikatzen du”.
Esanahia ezin zaiola aldatu berretsi dute eraistearen aldeko kideek. Izan ere erakunde memorialistak eraistearen aldekoak badira, horren babesa espero dutela diote. “Sua eman” oihu artean eta musika lagun manifestua irakurri eta hura babesteko sinadura bilketa egin zuten eta erakunde zein agintariei jarrera bat har dezatela eskatu diete.