Etxegabeei eta egoera zaurgarrienean daudenei baliabideak ematen segitzen du Iruñeko Udalak: Ekintza Sozialeko arloak 9 etxebizitza egokituko ditu. Joseba Asiron alkateak aginte makila hartu eta berehala etxegabeen afera jarri zuen mahai gainean eta halaxe dihardu Iruñeko Udalak.
Gizarte-erakundeak arduratuko dira pisuen esleipena egiteaz eta uneoro laguntza eskainiko dute. Lehentasuna emanen zaie adingabeak dituzten familiei, kalean denbora asko daramaten pertsonei, batez ere emakumeei, eta gazte migratzaileei.
Antzeko profilak dituzten pertsonen arteko bizikidetzan oinarritutako proiektu pilotua jarriko du abian Iruñeko Udalak. Egoera zaurgarrian dauden pertsonen inklusioa eta hobekuntza ekonomiko eta sozialerako aukerak hobetzera bideratuta dago eta Trinitarioen Etxerik Gabeko Pertsonentzako Arreta Zentroari eta González Tablas kaleko aterpetxeari batzen zaion baliabide gehigarria izanen da. Nafarroako Gobernuak etxebizitza eskuratzeko dituen bide arruntetara bideratzeko erdibideko urratsa dela azaldu du Txema Mauleon Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkariak.
Pamplona Centro Histórico eta Ekintza Soziala sozietate publikoarekin elkarlanean ezarri dute zerbitzua. Hasiera batean bi urtez egongo dira erabilgarri bederatzi udal-etxebizitzak, hiriaren etorkizuneko garapen-sustapen plana gauzatu bitartean libre baitaude, nahiz eta lau urtera arte luza daitekeen. Lehendabiziko erakundeak pisuak jarriko ditu, eta bigarrenak, egokituko ditu.
Hala ere, “lan handia” egin duten arren eta Udalak “baliabideak bikoiztu” dituen arren, argi utzi zuen Joseba Asiron alkateak Euskalerria Irratiak berriki egindako elkarrizketan, “ezin da lorpenez hitz egin”. Bide onetik doaz neurri eta baliabide gehigarriak eskainiz, baina “soluzio batera iristetik urruti” daudela adierazi du alkateak, arazoa “globala” baita.