Lan arloan LGTBIQ+ kolektiboak dituen arazo eta zailtasunak aztertu ditu UGT sindikatuak eta LGTBI pertsonen %78k indarkeria jasan duela lantokian aitortu du txostenak. UGTko LGTB kolektiboko saileko arduradun Toño Abadek eta sindikatuko berdintasun arloko idazkari nagusi Marisol Vicentek nabarmendu dute datuak "kezkagarriak" direla eta nagusiki, lanpostu baterako sarbidean baztertuak sentitu direnak asko izan direla adierazi dute.
Abaden ustez, lan bazterkeria horrek eragiten du bestelako ekonomia batera jo behar izatea. Eta, sindikatuek ardura handia dutela horretan ere ohartarazi du. Hartara, neurriak hartu behar direla uste du Abadek, bestela, euren identitatea ezkutatzera nolabait behartzen zaielako orokortuak dauden indarkeria egoerak onartzen direnean. Trans pertsonen kasuan %20ak jasan du indarkeria sexuala. %83ak denboran mantentzen diren egoerak izan direla esan dute, ez dira une bakarrera mugatutako jazoerak.
Sexu eta genero identitatearen ondorioz pairatutako diskriminazioaren aurrean bi aldaketa ezinbestekoak direla azpimarratu du sindikatuak: enplegu legea, politika aktiboetan eraginez; eta, LGTBI kolektiboaren lanpostuetarako sarbidea ahalbidetzea eta horretarako neurriak hartzea.
Diskriminazioa pairatzen dutenei laguntza eskaintzeko eta babesa emateko neurriak behar dituzte enpresek; euren eskubideak bermatuko dituen araudia. Izan ere, enpresek betebeharra dute horretarako.
UGTk proposamen zehatz bat du egoera hobetu dadin eta neurri sorta duen dokumentua plazaratu dute. LGTBI kolektiboko kide izan edo ez, kolektibokoa dela esan edo ez esan, inklusioa lantokietara iritsi behar dela aldarrikatu du sindikatuak.