Apirilaren 10ean zabalduko dute Sexu Indarkerietarako Laguntza Integraleko Zentroa, indarkeria matxistaren biktimei arreta, laguntza eta aholkularitza emateko baliabidea izango da. Arrosadia auzoan kokatzen da, eta urteko egun guztietan, eguneko 24 orduetan zabalik egongo da.
Psikologia, zuzenbide eta gizarte-lanean adituak diren 18 pertsona izango dira orotara zentroan lanean. Eta, arreta telefono bidez, telematikoki eta aurrez aurre eskainiko zaie 16 urtetik gorako sexu-indarkerien biktima diren eta izan diren emakumeei, baita haien inguruko senideei ere. Gainera, ez da aldez aurretik salaketarik jarri behar arreta jasotzeko.
Felix Taberna Lehendakaritza eta Berdintasun kontseilariak eta Patricia Abad Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendariak indarkeria matxistak eragindako salaketen zenbatekoen berri eman dute gaur. 2023an 2.091 izan ziren salaketak, aurreko urtean baino %8,4 gehiago. Biktimen kontzientziazio handiagoa nabarmendu dute, beraz, ez du halabeharrez esan nahi kasuen kopuruak gora egin duenik. Izan ere, Tabernak eta Abadek ohartarazi dutenez 2019an "icebergaren punta” baino ez zen salatzen, indarkeria kasuen %8a baino ez baitzen salatzen.
Salaketa moten datuei erreparatuz gero, salaketen erdia indarkeria fisiko eta psikikoagatik izan ziren. Hamar salaketatik zazpitan (%73,80), erasotzailea biktimaren bikotea edo bikotekide ohia izan zen, eta, hamarretik batean (%12,2), ez zuen inolako harremanik erasotzailearekin.