Sanferminak iragartzeko kartel lehiaketa abian da

Bidane Beloki Ezker 2024ko mar. 13a, 12:50

2023ko San Fermin jaien kartel iragarlea.

Apirilaren 8ko eguerdiko 14:00ak arte aurkeztu daitezke originalak eta argitaratu gabeak izan behar duten lanak. Adituen epaimahai batek hamar kartel aukeratuko ditu, eta ondoren, herri bozketan irabazlea hautatuko da.

Dagoeneko zabalik da 2024ko San Fermin jaiak iragarriko dituen kartelaren lehiaketan parte hartzeko epea; apirilaren 8ra arte, eguerdiko 14:00ak arte aurkeztu daitezke lanak. Telematikoki aurkeztuko dituzte egileek haien obrak www.pamplonaescultura.es webgunean dagoen inprimaki digital baten bidez. Kartela egiteko teknika librea bada ere, kartelak originala eta argitaratu gabea izan beharko du. 

Adituen epaimahai batek hamar lan aukeratuko ditu aurkezten direnen artean, eta horiek, herri bozketara eramango dira ondoren; iruindarren erabaki dezaten izan zango den irabazlea: 2024ko sanferminetako kartel iragarlea.

Kartelak originala izan behar du, eta hartara, adimen artifizialeko sistemak erabiliz gero, hala aitortu eta jakinarazi behar da. Zenbaterainoko esku-hartzea izan duen azaldu beharko du egileak eta teknikaren erabilerari buruzko informazioa zehatza eskaini. Betiere, jabetza intelektualeko eskubideak errespetatzen direla bermatuko du autoreak. Hala ezarri dute lehiaketaren lege oinarrietan, Estatuko Kulturako Idazkaritzaren jardunbide egokien proposamenari jarraituz.

Egile bakoitzak lan bakarra aurkeztu dezake eta afixak izan behar dituen ezaugarrien artean hainbat xehetasun finkatu ditu Iruñeko Udalak: jpg formatuan aurkeztu beharko da, 820mm x 1.171 pixel neurriarekin, eta gehienezko 2MBko pisuko artxiboa izango da. Kartela euskaraz zein gaztelaniaz egongo da idatzia eta San Fermin 2024, Iruñea eta jaien data bildu beharko ditu idatziz. Bete beharreko bestelako baldintzak Iruñeko Udalak argitaratutako lehiaketaren oinarrietan eskuragarri daude.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!