Zabalik Aste Santuko hiri kanpaldietan izena emateko epea

Bidane Beloki Ezker 2024ko mar. 12a, 08:09

  • Udaleko hiri kanpaldia apirilaren 2tik 5era Aranzadi kirol gunean egingo da. Ostiralera arte dago zabalik izen ematea eta 010era deituta zein Plazaran egin daiteke.
  • 130 leku eskainiko dira eta tokien %20 Haurren eta Familien Programan parte hartzen duten adingabeentzat izango dira.

Iruñeko Udalak 6 eta 16 urte bitarteko haurrei zuzendutako hiri-udalekuak antolatu ditu Aste Santurako Aranzadi kirol gunean, apirilaren 2tik 5era. Gaur irekiko da izena emateko epea eta 15era arte, ostiralera arte egongo da zabalik. 010 telefonora deituta, edota aurrez aurre, Plazaran egin daiteke inskripzioa, goizez, asteartean eta asteazkenean, 09:00etatik 12:30era egin daiteke.

130 leku eskaintzen dira; horietatik %20 Gizarte Zerbitzuen udal-arloko Haurren eta Familien Programan parte hartzen duten haurrentzat dira. Zozketa bitartez aukeratuko da eta martxoaren 19an jakinaraziko zaie plaza eskuratu duten, orduan, ordainketa egingo da. Ume bakoitzak hamar euro ordaindu behar ditu kanpaldi osoaren truke eta bi seme-alaba inskribatuz gero %20ko deskontua aplikatuko da; hiru edo gehiago badira, %30.

'Jolasen ulertzen dugu elkar!' lelopean askotariko kirolak, eskulanak, jolasak eta oro har, jolasaren bidez emozioak eta trebetasun pertsonalak landuko dituzte kanpaldian. Goizeko 9:00etatik 15:00etara aitzina Aranzadi kirol gunean garatuko dira jarduerak eta haurrak taldetan banatuko dira. Guztira, zazpi talde egongo dira adin tartearen eta aukeratutako hizkuntzaren arabera (euskara ala gaztelania).

Aurten, berriki, arriskuan edo babesik gabe dauden adingabeen parte hartzea sustatzeko, auzoka banatuko ditu Udalak erreserbatutako 26 plazak. Auzo-unitate bakoitzeko plaza bat erreserbatzen da. Plaza bakarra Zabalgune, Ermitagaña, Etxabakoitz, Iturrama, San Juan, Lezkairu eta Mendillorriko adingabeentzat; bi plaza Buztintxuri, Alde Zaharra, San Jorge eta Arrosadian; eta hiru plaza Txantrea eta Arrotxapean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!