Palestinarentzat dirua biltzeko ekimen solidarioa eginen dute larunbatean Iruñean

Miren Mindegia 2024ko mar. 7a, 16:47

Yala Palestina Nafarroarekin elkarteak antolatutako '2 ordu Palestinarekin' ekitaldia 11:30etik 14:00etara eginen da Sarasate pasealekuan

Yala Nafarroa Palestinarekin plataformak ekitaldi solidario bat antolatu du larunbatean Iruñean, 2 ordu Palestinarekin izenburupean gizarte zibila laguntzera bideratutako dirua biltzeko asmoarekin. 11:30ean hasi eta 14:00ak arte, hainbat izango dira Sarasate pasealekuan ezarriko den eszenatokira igoko diren artistak: El Drogas, Eztitan, Kerobia, La Chula Potra, Madadafack, Kai Etxaniz, Mielotxin, Burutik eta Barañaingo Alaitz Institutuko Arte Eszenikoetako ikasleak. Musikaz gain, bestelako eremuak ere egonen dira, tartean haurrentzako txokoa, diru-bilketak egiteko jaimak, Palestinako produktu eta kultura espazioak eta merchandising-a saltzeko guneak. 

Diru-bilketaren helburua, Hodei Aranguren Yala Palestina Nafarroarekin elkarteko kideak azaldu moduan, bikoitza izanen da: "Alde batetik, ekintza humanitarioko proiektuak bultzatzea eta gizarte sarea berreraikitzea, Mundubat GKE-aren bidez eginen dena; eta bestetik, Israelgo presidente Netanyahu Nazioarteko Zigor Gorteko fiskalaren aurrera eramateko". Ekimen honen deialdiaren atzean hainbat erakunde, GKE, udaletxe eta sindikatu bildu dira. 

Bildutako dirua, zehazki, Palestinako Emakumeen Batzordeen Batasunari (UPWC) eta Nekazarien Batzordeen Batasunari (UAWC) bideratuko zaie; baita gizarte eskubideen alde lan egiten duten Al-Haq edo Palestinian Centre for Human Rights – PCHR erakundeei ere. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!