Askatu. Armairuko gogoetak askatasun sexualari eta identitateari buruzko antzezlana da. Noizbait beren izatean giltzapetuta egon diren, dauden edo egongo diren pertsona guztiengatik, armairutik ateratzea eta sartzearen nondik norakoak umorez jorratuak.
Jaione Urtasunek gorpuzten du Vanesaren pertsonaia. Vanesa eta Ricardo (Txetxu Collado) dira oholtza gaineko lemazainak, baina, dramaturgiaren formato klasikoenetik aldenduta, sketch formatua ere tartekatzen du obrak. Eszenetako bat ‘Etiketak’ deitzen da eta pertsona bat saiatzen da burokraziari aurre egiten bere inguruko etiketa bat aldatzeko. Beste batean, aitona eta iloba ageri dira; armairutik atera nahi du ilobak baina ez da ausartzen. Azkenik, ‘Topiko tipikoak’ eta ‘Tipiko topikoak’ ispilu eszenak sortu dituztela azaldu du Urtasunek. Hasierako abiapuntua berdina da bi kasuetan baina ondoren buelta ematen zaio.
“Armairura sartu eta atera, horrekin jolastu gara”, azaldu du Urtasunek. Laiak Tafallako LGBTI+ kolektiboarekin elkarlanean hainbat eszena sortu zituzten duela pare bat urte elkarlanean, eta orain, ikuskizun formatuan batu eta Askatu. Armairuko gogoetak sortu dute.
Adriana Olmedok espresuki sortutako musikak eta Nere Urbizuk euskaratutako letrek girotzen dute eszenatokia. Fermin Cariñenak zuzentzen du obra eta Xabi Flamarikerena da testua. La Piel Produccionesek ekoitzitako antzezlana da.
Asteazkenarekin, arratsaldeko 19:00etan abiatuko da emanaldia, Nafarroako Antzerki Eskolan. Irriziklori emango dio hasiera obra honek eta ikuskizunerako sarrerak bost euroan eskuratu daitezke, edo zikloko hiru emanaldietarako bonua, hamabi euroan.