Bueltan da Irriziklo, martxoaren 6tik 20ra Nafarroako Antzerki Eskolan

Bidane Beloki Ezker 2024ko mar. 1a, 11:51

Umorezko antzerkiaren emanaldien zikloa da, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak elkarlanean antolatutakoa. Hiru proposamen izanen dira aurten, asteazkenetan, 19:00etan. Uxue Pellejero Iruñeko Udaleko Kultura Teknikaria eta Euskarazko kultura programazioaren arduradunak zikloaren berri eman digu Metropoli Foralean.

Martxoan egin ohi izaten da, eta aurten ez da salbuespena izango. Martxoaren 6tik 20ra Irriziklo 2024 egingo dute. Umorezko antzerkiaren emanaldien zikloa da eta Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak elkarlanean antolatzen dute.

15. edizioa du aurten Irriziklok eta hiru proposamenekin dator. La Piel producciones taldearen Askatu. Armairuko gogoetak emango dio hasiera zikloari. Jaione Urtasun eta Txetxu Collado oholtza gainean, askatasun sexualari eta identitateari buruz arituko dira. Armairutik at eta barne gertatzen diren kontuak umorez jorratuko dituzte.

Astebete beranduago, martxoaren 13an, Anodino Teatro konpainiaren txanda izango da. Obsoletus lana taularatuko dute Aiora Sedano, Juanjo Otero eta Aitor Fernandinok. Komedia politikoa ondu du Pako Revueltasek langile gatazka batean oinarrituta. Botere galtzea, zaharkitutako langileak... aurrez galdutako partida ote? Komedia politiko, lotsagabea eta ausarta.

Zikloari amaiera emateko Txalo Produkzioaken lana ikusgai: Almazenean. Zuhaitz Gurrutxaga eta Iker Galartza igoko dira Antzerki Eskolako oholtzara martxoaren 20an. Abiapuntuan, erretreta hartzeko dagoen arduraduna eta bere lanpostuan ordezkatuko duenak, ezinbestean, bost egunez lantokia partekatuko dute, itxuraz deus gertatzen ez den almazen huts batean.

Emanaldi bakoitzerako sarrera 5 euroan eskuratu daiteke eta Irrizikloko hiru emanaldietarako bonoa 12 euroan. Ikuskizun guztiak asteazkenarekin egingo dira, arratsaldeko 19:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!