Frankismoak errepresaliaturiko hamar emakumeren izenak jarriko dizkiete Hego Txantreako beste horrenbeste kaleri

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko ots. 21a, 07:35

Hego Txantreako bide gorria. (Argazkia: Iruñeko Udala)

Neurria duela hiru urte eskatu zuten, eta udal aginte talde berriak orain gauzatu du. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikerketa batean oinarritu dira, Txantrea Auzo Ekimenaren, Emakumeak Izendatu taldearen eta Emakumeen Udal Kontseiluaren laguntzaz.

Iruñeko Udalak zazpi kale eta hiru plaza izendatuko ditu frankismoak errepresaliatutako hiriko beste hainbeste emakumeren izenekin. Hemendik aurrera, espazio publikoaren zati batzuetan haien bizitzak gailenduko dira, espazio horiek gune sinboliko bihurtzeko eta, aldi berean, Udalaren Berdintasunerako III. Planak eskatzen duen emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako bidean urrats bat gehiago egiteko.

Hego Txantreako kale izendegiak honako emakume hauek ekarriko ditu gogora: Julia Bea Soto, Dora Serrano Serrano, Aurora Gomez Urrutia, Julia Fernandez Zabaleta, Maria Luisa Elio Bernal, Josefina Gerendiain Caro, Nemesia Vaztan Turrau, Ramona Zapatero Zapatel, Matilde Huizi Nabaz eta Mari Carmen Huder Karlosena.

Erabakia Nafarroako Unibertsitate Publikoko Memoria Historikoaren Funts Dokumentalaren datuetan oinarriturik hartu dute.  Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzi ordezkari Zaloa Basaberen arabera, Erabaki horren oinarria da kale-izendegia ez dela soilik hiri-espazioaren antolaketa planoan islatuko duen gida edo mapa baten gisan ulertu behar, baizik eta, kaleen, plazen eta eraikin publikoen izenen bidez, herritarrei leku baten bilakaera historikoa markatu duten tokiak, pertsonaiak eta gertaerak ezagutzea ahalbidetu behar diela”. Gainera, “kale-izendegirako emakumeen ibilbideak aukeratu eta bistaratzeak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiten laguntzen du”. 

Ebazpen horretara iristeko prozesua 2021ean hasi zen. Urte horretan, Iruñeko Udalak Nafarroako Unibertsitate Publikoari (NUP) eskatu zion frankismoak errepresaliatu zituen eta ibilbide aipagarriak zituzten Iruñeko emakumeei buruzko azterlan bat egiteko. Izenak eskaintzeko proposamen biografiko hori Gemma Piérola Narvarte ikertzaileak egin du unibertsitatearen esparruan. Hortik abiatuta, Osoko Bilkurak akordio bat onetsi zuen (2022ko apirilean), Txantrea Auzo Ekimena Elkarteko auzokideen babesarekin eta “Emakumeak Izendatu Iruñean” Taldearen eta Emakumeen Udal Kontseiluaren laguntzarekin.
Iruñeko Udalak erabaki du memoria-pilula horiek Txantrea Hegoaldeko Plana gauzatzeko urbanizazio-lanetatik sortutako kale eta plazek hartuko dituztela, eta baita ingurune horretan bertan, Mendigorria kalean sortutako biribilgune berriaren ingurukoek ere. Espazio horiek guztiak Batasunaren Pribilegioa kalearekiko perpendikularrak dira.

Herritarrek aukeratu diren emakume horietako bakoitzari buruzko informazio gehiago jakiteko aukera dute, Udalak iaz “Historia isilduak: frankismoan errepresaliatutako hamar nafar emakumeren bizitza eta ahanztura. Proposamen biografiko bat haiek aitortuak izan daitezen espazio publikoetan” liburua argitaratu baitzuen. Liburu horren sarreran aitortzen denez, gerra zibilaren izugarrikeriaren aurrean eta gerraoste luze eta gordinean isiltasunean, erresistentzian eta erbestean borrokatu, aurrez aurre jarri eta biziraun zuten beste hainbat emakumeri egindako omenaldia da testua.

Liburua ele bitan argitaratu zen, eta Iruñeko Udal Artxiboaren (IUA), Nafarroako Memoria Historikoaren Funts Dokumentalaren (NUP), Nafarroako Memoriaren Institutuaren (Nafarroako Gobernua) eta Eduardo Mateo Gambarte, Esther Aldave eta Iñaki Beaumonten familia-artxiboen eta ELA Sindikatuaren irudiak biltzen ditu.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!