Garraio publikoa gora: bidaia errekorra 2023an

Bidane Beloki Ezker 2024ko ots. 19a, 14:02

Urteko hazkundea % 17,57 izan zen, eta, 2019ko pandemia aurretiko kopuruen aldean, % 4,81 bidai gehiago egin dira. Gaueko zerbitzua ere indartu da.

Eskualdeko Hiri Garraioak 42,6 milioi bidaia erregistratu zituen joan den urtean, bere historiako kopururik handiena. Zehazki, 2022an baino % 17,57 gehiago eta pandemia aurreko, 2019 urteko, datuen aurrean % 4,81 bidaia gehiago egin dira 2023an.

Bidaiari gehien izan dituzten lineak, hurrenez hurren, hauek izan dira: 4. linea (Barañain - Atarrabia) 8.630.031 bidaiarekin; 7. linea (Atarrabia - Txantrea - Barañain) ia 4 milioi bidaiarirekin; 16. linea (Aitzoain - Noain – Beriain) 3.902.395 bidaia; eta 18. linea (Zizur Nagusiko urbanizazioa – Sarriguren) 3.516.383 bidaia.

Gaueko zerbitzuen gorakada ere nabaria izan da. Pandemia aurretiko datuak berreskuratu dira gaueko aisialdia eta Nafarroa Arenako kontzertuei esker, besteak beste. Guztira % 40 baino gehiagoko igoera izan da.

2023an erabiltzaileek ordaindutako tarifengatiko diru-sarrerak % 26,25 murriztu dira. Izan ere, tarifak aldi baterako murrizteko diru-laguntzak ezarri zituen Espainiako Gobernuak. Iruñerriko Mankomunitateak helarazitako ondorioen arabera, tarifen murriztea, tiket arrunta bankuko txartelen bidez ordaintzeko aukera, garraio-txartelak kargatzeko aplikazio berria, eta ostegun gauetan ezarritako zerbitzua izan dira garraio publikoko bidaiari kopurua handitzeko arrazoi nagusiak.

Bestalde, 2030eko Agendarekin bat klima aldaketarako eta energiarako estrategia planak abian jarri ditu Iruñerriko Mankomunitateak. Esaterako, jatorri berriztagarriaren bermea duen gas natural konprimatua erabiltzen duten sei autobus artikulatu sartu dira billabesen zerbitzuan. Halaber, hainbat autobus elektriko ere gehitu zaizkio autobus-flotari.

Billabesen zerbitzua ez ezik, taxien zerbitzua hobetzeko plana ere martxan da. Lizentzien kontrola egiteko sistema bat ezarri da aktibitate urriko garraioak detektatzeko;  zazpi, zortzi eta bederatzi plazatako baimendutako ibilgailuen kopuru maximoa handitu da; Taxiei buruzko Foru Legea aldatzeko neurriak ezarri dira, soldatapeko langileak kontratatzea malgutzeko helburuarekin; eta gutxieneko zerbitzuak ezarri dira tren geltokian, besteak beste.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!