Bertsoaroa gaur abiatuko da

Bidane Beloki Ezker 2024ko ots. 8a, 07:55

2023ko Bertsoaroako saioa Nafarroako Antzerki Eskolan.

Zazpi emanaldi izango dira guztira aurten, Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak antolatuta.

Neguko egutegi bete-betean otsailaren 8an hasi eta martxoaren 1ean amaituko da Bertsoaroaren 33. edizioa. Unean uneko bertsolariekin zazpi emanaldi izango dira guztira, Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak elkarlanean antolatuta. 

Programazioaren baitan, lau bertso saio izango dira, bosna euroko sarrera izango dutenak  (14 urtera arte doako sarrera) eta Antzerki Eskolan izango dira emanaldiak.

Otsailaren 14an, AMAraun izeneko programazio berezia aurkeztuko dute. Aurten, amatasunaren inguruko hausnarketa bat kontatuko duen proiektu artistiko berritzailea sortu dute Oihana Iguaran bertsolariak eta Amaiur Luluaga dantzariak. Istorio bat kontatuko dute eskura duten lengoaia guztia baliatuz: musika, gorputza, ahotsa, hitza, espazioa, eszena… Ikuskizuna Antzerki Eskolan izango da arratsaldeko 19:00etan.

Aurten ere Bertso jasa, bat-bateko jolasa tailerra antolatu dute Sanduzelaiko Civivoxean. Haurrak jolas eta ariketen bitartez gaiak eta egoerak proposatzen joango dira, eta modu horretan, bertso saioa osatuko dute bi bertsolari gonbidatuek. 8 eta 12 urte arteko haurrentzako tailerra da, eta izen-ematea beharrezkoa da nafarroa@bertsozale.eus helbidean edo 948143747 telefonora deituta. Saioa otsailaren 17an izango da eta beraz, otsailaren 15a baina lehen eman beharko da izena.

Otsailaren 23an, Laban, bertsolari gazteen saioa izango da. "Bertsolaritzaren orain eta etorkizuna diren horiei, gazteei, plazan trebatzen eta kantatzen segitzeko aukera emango zaie saio honetan", aitortu dute antolatzaileek. Saioak sarrera librea izango du, edukia bete arte.

Otsailaren 28an, beste saio berezi bat antolatu dute. Bertso saio espekulatibo futurista bat diseinatu dute, "Zirriborroak eta gero" ipuin bilduma oinarri hartuta; hamar autorek osatutako bilduma hori Consonnik argitaratua da. Maite Berriozabalek jarriko ditu gaiak eta Miren Amuriza, Sustrai Colina eta Unai Iturriaga izango dira kantuan. Saioa Antzerki Eskolan izango da 19:00etan. 

Bertso afaria itxiera egunean izango da, martxoaren lehenean. Geltokiren webgunean erosi beharko dira sarrerak aldez aurretik, 28 euroan (menua kontsultatu daiteke).

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!