Irurtzungo Hydro Extrusioneko enpresa batzordeak kaleratzeak salatu ditu

Euskalerria Irratia 2024ko urt. 11a, 08:22

Kaleratzeak justifikatzeko arrazoiak “aitzakiak” besterik ez direla dio batzordeak eta emandako argudio guztiak “bidegabetzat jo ditu justiziak”.

Azken urte eta erdian egindako kaleratzeak hain zuzen ere bidegabeak izateagatik salatu ditu enpresa batzordeak. Enpresak kaleratzeak objektiboak direla argudiatzen du, esanez, langileekiko konfiantza galdu dela, errendimendua txikia dela edo atalaren berrantolaketa dela arrazoia. “Aitzakiak” besterik ez direla dio batzordeak eta emandako arrazoi guztiak “bidegabetzat jo ditu justiziak”.

Finean, enpresaren benetako helburua kaleratzeen beldur diren langile otzanak izatea da batzordeak helarazitako prentsa oharraren arabera; LABeko lau delegatuk, CCOOko hiruk eta UGTko bik osatzen dute batzordea. Enpresaren balio ezagunenak, “zaintza, lankidetza eta ausardia” marketin hutsa direla kritikatu dute.

Gainera, kaleratzeak modu umiliagarrian eta aurretiazko jakinarazpenik eman gabe egin dituztela adierazi dute batzordeko kideek. Behin eta berriz eskatu badute ere, kaleratuei ez zaie aukerarik eman enpresa barruan beste tokietan birkokatzeko. Azken urteotan enpresak etekin handiak lortu dituen arren, Irurtzungo enpresak plantilla murrizten jarraitzen du. Bere aldetik, batzordeak ziurtatzen du langileen jarrera ez dagoela ezbaian jartzerik eta uneoro konpromisoa adierazi dutela.

Egoera salatzeko, Irurtzungo Hydro Extrusioneko enpresa batzordeak langile guztiei dei egin die kontzentrazioa egitera, gaur, eta datozen bi ostegunetan (hilak 18 eta 25) goizeko 9:10ean, lantegiko iparraldeko zelaian.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!