Orkoiengo Euskararen Ordenantza edukiz hustu nahi dutela salatu dute

Bidane Beloki Ezker 2024ko urt. 2a, 10:56

Orkoiengo Udalak egun indarrean dagoen Euskararen Ordenantza aldatu nahi du eta bizilagunek salatu dute euskararen erabilera murrizten duela. Neurri berriak proposatu eta erregistratu dituzte, Hizkuntz Eskubideen Behatokiarekin batera. 

Pasa den azaroan, Orkoiengo Udalak egun indarrean dagoen Euskararen Ordenantza aldatzeko prozesua martxan jarri zuen, ordenantza murriztaileago bat proposatuaz. Abenduaren 29ra arte herritarrek beraien iritzia helarazteko aukera izan zuten eta desadostasuna erakutsi dute.  Hizkuntz Eskubideen Behatokiarekin batera, Ordenantzan neurri berriak proposatu eta erregistratu dituzte.

Hilabetez bizilagunek Orkoiengo Udalaren webgunean Euskararen Ordenantza aldatzeko parte hartze prozesuan testu berriaren inguruko iritzia emateko denbora izan dute. Guzti horren aurrean, gaur presentzialki egin dugun bezala, aurreko egunetan ere hainbat eragile, elkarte, zein norbanakok proposamen berri horrekiko gure desadostasuna erakutsi eta Ordenantzan neurri berriak proposatu eta erregistratu ditugu.

Udal gobernuak proposatzen duen testu berria atzera botatzea eskatzen dute. Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak azaldu duenez, Euskararen ordenantzaren hitzaurrean, aurreko ordenantzak euskarari egiten zizkion erreferentzia guztiak ezabatu dituzte. "Hizkuntzez orokorrean hitz egiten du, kontuan hartu gabe euskara dela gutxitutako hizkuntza eta babes eta sustapena behar dituena", gaineratu du. Bestalde, Euskararen Ordenantza izanik, euskarari berariazko aipamena egin beharko liokela uste dute.

Udalaren erabilera eta informazio eskaintzari dagokionean, egun indarrean dagoen testuan euskara eta gaztelania erabiliko direla ezartzen den arren, "orain proposatu duten testuan berme guztiak desagerrarazi dituzte eta euskara “ahal den heinean” erabiliko dela ezarri nahi dute", aitortu du Behatokiak.

Orkoiengo Udalari zein Nafarroako gainerako erakunde publikoei, herritarren hizkuntza eskubideak bermatu zein euskararen irakaskuntza eta erabilera sustatzea eskatu diete, hizkuntza eta herritarren arteko berdintasun eta bizikidetzaren alde egin dezaten, herriko berezko hizkuntzak kontuan hartuta. Hartara, hizkuntzen berdintasunarekiko atzerapausorik onartu ez dadin, Orkoiengo bizilagunek datorren urtarrilaren 27an egingo duten ekitaldi handian parte hartzeko gonbidapena luzatu dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!