Enaitz Zestau, Kattin Madariaga eta Eneko Fernándezek irabazi dituzte Iruñeko Bertsopaper Lehiaketako lehen sariak

Bidane Beloki Ezker 2023ko abe. 19a, 13:44

Lehiaketaren laugarren edizioan 35 egilek parte hartu dute guztira hiru kategoriatan; 44 lan aurkeztu dituzte. Guztira bederetzi sari banatu dira.
 

Guztira 35 parte-hartzaile aurkeztu dira 44 lanekin Bertsolari aldizkariak antolatutako bertsopaper lehiaketara: 30 A kategorian (2010ean edo geroago jaiotakoentzat); 8 B kategorian (2006 eta 2009 artean jaiotakoentzat); eta 6 C kategorian, (2005ean edo lehenago jaiotakoentzat). Aimar Sagastibeltzak, Joseba Beltzak eta Saioa Mitxelenak osatu dute epaimahaia, Nafarroako Bertsozale Elkarteak proposatuta eta guztira, bederatzi sari banatu dituzte.

A kategorian Enaitz Zestau Telletxeak eskuratu du lehen saria, 'Totti' lanarekin. "Istorio polit eta samurra kontatzen du zailtasun tekniko handiko melodia baten bidez, deskribapen politekin", azaldu du epaimahaiak. Bigarren saria Araia Irigibel Terrerosentzat izan da, natura zaintzea sustatzen duen obra "fresko eta argumentuz betea", 'Gure mundu ederra' obrarekin, irabazi du. Hirugarrena Maialen Ormaetxea Errok irabazi du, 'Netflix ikusten' lanagatik. Irabazleek 150, 100 eta 50 euroko kultura-bonuak eskuratu dituzte, hurrenez hurren.

Idazle gazteen kategorian, B kategorian, Kattin Madariaga Apaolazak jaso du lehen saria, bigarren urtez. ‘Hau ote da?’ lana izan da bigarrenez saria eskuratzera eraman duen idatzia. Epaimahaiaren iritziz, erakusten du "neurri txikian bada ere, lan sakona egiten ahal dela, nerabezaroaren kezkak hitz-joko politekin adieraziz eta arrazoibide bikaina erabiliz". Sari bakarra ez ezik, bigarrena ere lortu du Madariagak. ‘Zori onak, edo’ lanarekin irabazi du bigarren saria, "lan hunkigarria" ondu duela aitortu dute epaimahaikideek. Egun bateko iraupena duen kontakizuna dakartza Madariagak, bukaera "apropos eta biribila" duena. Hirugarren sarian Kattalin Lizarraga Mendiaren "hitz-joko politak" nabarmendu dituzte. Kategoria honetan irabazleek, 350, 200 eta 150 euroko sariak jaso dituzte, hurrenez hurren.

C kategorian, Helduen kategorian, Eneko Fernández Maritxalar izan da irabazle, ‘Baina zergatik guri’ piezarekin. Epaimahaiaren hitzetan, "ezin hobeki lotuta dagoen sorta da, bertso hunkigarri eta sakonez betea". Bertsoen arteko progresioa “zehatza eta egokia” dela azpimarratu dute. Bigarren saria Estitxu Arozena Albizuren ‘Hamabi bertso baietz’ lanak jaso du, "ironia eta umorea" gai serio baten oso ongi uztartu dituelako. Azkenik, hirugarren lortu du Manex Mailharin Ortigosak ‘Bertso (gintzaren) paperaz’ idatziarekin, "hausnarketa egiteko galderak planteatzen dituen kezka-sortarekin". Saridunek, hurrenez hurren, 1.500. 1.000 eta 500 euro irabazi dituzte hurrenez hurren.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!