Kristina Berasainek 'Sahara, herri bat erresistentzian' liburua aurkeztuko du gaur

Bidane Beloki Ezker 2023ko abe. 19a, 08:15

Arratsaldeko 19:00etan, Katakraken izango da aurkezpena. "Kazetaritza kronika bat da, ez da historia eta geopolitika hutsa. Historia handi hori historia txikiz harilkatu dut", azaldu du Berasainek. 

Kristina Berasain Tristan kazetariak mendebaldeko Saharako gatazka ahaztua eta isilaraziari heldu dio Sahara, herri bat erresistentzian liburuan. 16 urteko gerraren eta ia 30 urteko su etenaren ostean, sahararrek armak hartu dituzte berriz ere. Mendebaldeko Sahara Espainiako kolonia izan zen, 53. probintzia, baina frankismoak ez zuen behar bezala amaitu deskolonizazio prozesua. Marokoren esku utzi zuen eta okupazioa baimendu. Kolonialismoak utzitako gatazka bat, traizioen kateaketa etengabea da orduz geroztik.

Arnas luzeko kazetaritza eta "Saharari buruzko euskarazko lehen kazetaritza kronika da", adierazi du Berasainek Metropoli Foralean egindako elkarrizketan. "Kazetaritza kronika bat da, ez da historia eta geopolitika hutsa. Historia handi hori historia txikiz harilkatu dut", azaldu du. 

Liburuarekin batera, ‘Saharari Kantari’ diskoa plazaratu dute eta kontzertu solidarioa ere egingo dute. Abenduaren 22an, Donostiako Kursaal aretoan, arratsaldeko 20:00etan izango da. Hauek dira kontzertuan oholtzara igoko diren musikariak: Oreka Tx, Mikel Urdangarin, Iker Lauroba, Esti Markez, Fariba Sheikhan, Postal Kolekzionistak, Physis versus Nomos, Jon Maia, Eñaut Elorrieta eta Idoia eta Bea Asurmendi. Gainera, hiru artista gonbidatu egongo dira: Minatu Embarek, Nayat Hossein eta Hayuh Ramsi.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!