Jon Maiak 'Kantu berri bat gara' aurkeztuko du gaur, Laban

Bidane Beloki Ezker 2023ko abe. 13a, 08:00

Arratsaldeko 19:00etan izango da disko-liburuaren aurkezpena Gaztelu Plazako Laba gunean. Zu non, han da! egitasmoari esker dator Jon Maia Iruñera aurkezpena egitera.

Jon Maiak 2021ean atera zuen Kantu bat gara, letragile modura azken 30 urteotan idatzi dituen kantuen antologia. Bi urteren ondoren eta arrakastaz, bertsolari zumaiarrak lan berri bat ondu du: Kantu berri bat gara liburu-diskoa. Kantu berriak eta bertsioak bildu ditu Maiak lan honetan; Negu Gorriak, Gozategi, Gari eta Pello Reparaz. Horretarako, hainbat kolaboratzailek parte hartu dute, esaterako, Itziar Ituño, Olaia Inziarte, Maddalen Arzallus eta Luis Pastor. Baina bat nabarmendu behar bada Silvio Rodriguez kantautore kubatarraren parte hartzea da, Nostalgia izeneko kantua euskaraz abestuz.

Jon Maiak Elkar argitaletxearen eskutik diskoa ez ezik, liburua ere kaleratu du. Jaioterria, etorkinak eta bizitzan hartutako erabakiak ditu ardatz. Gurasoek Albacetetik Euskal Herrira egindako bidaia ere bildu du Maiak, Lorca eta Lauaxeta, bi kulturetako ikonoak eta biak fusil berdinek hilak izango ditu mintzagai. Gaur egungo emigrazioak ere badu tartea Kantu berri bat gara proiekituan.

Durangoko Azokak antolatutako Zu non, han da! egitasmoari eskeri etorriko da Jon Maia Iruñera. Hain zuzen, arratsaldeko 19:00etan aurkeztuko du disko eta liburua Laban, doako sarrerarekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!