Argazki bete-betea osatu du Errigorak: 14.000 saskitik gorakoa izan da eskaera

Bidane Beloki Ezker 2023ko azaroaren 15a

Nafarroa erdi eta hegoaldeko euskalgintzara 185.000 euroko ekarpena iritsiko da. Honenbestez, 10 urteko kanpainek euskalgintzarako 2 milioi lortu dituzte. 

Errigorak hamar urte bete ditu euskarari puzka eta urteurrena ospatzeko 50 euroko saski bakar eta "biribila" osatu dute, baita komunitatea batuko duen argazki erraldoia atera ere. Kanpaina amaitu da eta komunitatearen argazkia osatu dute Erriberako euskaltzale, auzolangile, ekoizle eta herritarrek.

Urriaren 20an udazkeneroko “Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka” kanpainari hasiera ematean, Errigoraren 10 urte bete-bete ospatzeko
gonbidapenaz gain, saskiak eskatzeko deia zabaldu zuten. "Garenak, izan garenak eta izan nahi dugun guztiak batu nahi ditugu" adierazi zuten, eta horretarako, urtean zehar hamaika argazki eta ekitaldi egin dituzte.

"Ohi duten guztiek ez dute eskatu" azaldu du Errigorak, baina "nabarmena izan da berriro saskia eskatzera bildu den lagun kopurua". Hartara, 14.000 saskitik gora iritsiko dira datozen egunotan etxeetara. Ager eremuko Aek; Tutera, Lodosa eta Vianako ikastolak, eta eskoletako D ereduko lerroak; eta Agerraldia bultzatzeko 185.000 euro eskuratu dira aurten. Guztira, 10 urteotan, udazkenetako kanpainek euskalgintzarako sortutako diru ekarpena 2 milioi eurora iritsi da. Beraz, "bete-betea izan da aurtengo Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka", zorionez eskertu dute Errigorako kideek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!