Besarkada elkarteak egoitza eskuratu du Iruñean

Bidane Beloki Ezker 2023ko aza. 13a, 14:19

Gertuko pertsona baten suizidioak kaltetutako pertsonen elkarteari egoitza bat eskaini dio Iruñeko Udalak, Donibanen. Estigmak alde batera utzi, arazoa ikusarazi eta arreta eskaini nahi dute.

Duela 10 urte Elena Aisaren semea suizidioz hil zen eta hilabetera, Aurora Del Ríoren semea. Handik gutxira, Blanca Mendiola batu zitzaien min bera partekatuta eta hirurak ‘Zer egin?’ galderari erantzuteko xedez bildu ziren eta apurka-apurka Besarkada suizidioak kaltetutako pertsonen elkartea sortu zuten. Egun, 7 urte daramatza Besarkada elkarteak bidean aurrera. Baina, egoitza fisikorik ez izateak bidea zaildu diela azaldu dute, eta, ondorioz, are garrantzitsuagoa da orain, Iruñeko Udalak Besarkadari egoitza eskaini izana. Atsedena iritsi zaie orain.

Besarkada bakoitzaren ondoren pixkanaka bizitzara itzuli direla adierazi dute eta itxaropena helarazi nahi diete mina eta sufrimendua partekatzen dutenei. Egoitzak bide batez, “suizidio batek uzten duen mina ikusarazten” lagunduko die. Izan ere, duela 10 urte, suizidioari buruzko estigma eta tabua are gogorragoa zen arren, oraindik ere suizidioa den arazo sozialaz hitz egitea zaila da.

Dagoeneko 160 bazkide inguruk osatzen dute Besarkada. Donibane auzoko Tulebras Monasterioaren kalean kokatzen den egoitzari esker elkartearen funtzioak finkatu eta zabaldu ahalko dituzte; babesa eskaini, bidelagun izan eta prebentzioan lan egin. Arreta psikologikoa eskaintzeko aukera izango dute eta formakuntza zein tailerrak eskaintzen jarraituko dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!