Oier Guillan: "Sitcom formatuarekin jolasten du obrak, familia zer den zalantzan jartzeko"

Miren Mindegia 2023ko urr. 26a, 18:15

Ostiral honetan Metrokoadroka kolektiboak 'Zeozertan dabil baina ez dakit zertan' antzezlana eskainiko du Nafarroako Antzerki Eskolan

Abian da jada Antzerki Aroa, Iruñeko Udalak antolatzen duen euskarazko antzerki zikloa. Bost emanaldi eskainiko dira edizio honetan, denak ala denak arratsaldeko 19:00etan Nafarroako Antzerki Eskolan. Ostiral honetan Metrokoadroak kolektiboaren Zeozertan dabil baina ez dakit zertan obra eskainiko da, familia ereduei buruzko sitcom poetikoa. 

Eszenatoki gainean hiru pertsonaia, Marina Aizpurua, Edurne Azkaratek eta Javier Barandiaranek antzeztuta. Hasieran ikusleak ez du argi izango zein den hiru pertsonaien arteko harremana, baina bere ekintzen harira joango da deskubritzen ezkutatzen dutena. Familiari lotutako galderak, kontraesanak eta umorea ez dira faltako, poesia bisualetik ere asko duen obra batean. 

Marina Suarezekin batera obra zuzendu duen Oier Guillanek argitu moduan, antzezlanak sitcom formatua muturreraino eramaten du, bere arauekin jolasten du, familiari buruzko zalantzak proposatzeko: zerk egiten du familia bat? Zer ikustekorik dauka zaintzak horretan? Pisu-kideak familia izan daitezke? Zertarako balio du bizikleta estatiko batek? Umore absurdotik ere edaten duen antzezlana ere badela azpimarratu du. 

Antzerki Aroaren hurrengo emanaldiak azaroaren 8an, 15ean eta 22an izango dira, 19: 00etatik aurrera. Sarreren prezioa 8 eurokoa da, eta Nafarroako Antzerki Eskolaren webgunean bertan edo antzokiko leihatilan erosi ahal izango dira, ikuskizuna hasi baino ordu eta erdi lehenagotik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!