Kontseiluak “zubi bat bihar oparo batera” aldarrikatu du oldarraldiaren aurrean

Bidane Beloki Ezker 2023ko urr. 13a, 14:11

Kulturgileek egindako ekitaldia, Epaitegiaren parean.

Euskalgintzaren Kontseiluak kultur ekitaldia egin du Iruñean euskararen sustapena eta normalizazioaren aurkako sententziak salatzeko. Azaroaren 4an Bilbon egingo dute manifestazioa.

Dantza, umorea, musika eta bertsoak euskara aldarrikatzeko. Oldarraldiaren aurrean, azaroaren 4an Bilbon egingo dute manifestazioaren karietara hiri buruzagian izan dira gaur Kontseiluko kideak, Iruñerriko kulturgileak lagunduta ekitaldi kulturalean egin dituzte aldarrikapenak. Duguna Dantza taldea, Arkaitz Miner, Mikel Martinez, Patxo Telleria, Jose Luis Otamendi, Olaia Inziarte, Sustrai Colina eta Ibil Bedik parte hartu dute.

Iruñeko justizia jauregiaren parean bildu dira. Izan ere, azkenaldian auzitegietatik areagotu egin dira euskararen sustapena eta normalizazioa helburu duten hainbat neurriren aurkako sententziak. Hori salatu nahi izan dute, eta azaroaren 4an berretsiko dute.

Ez dira epai isolatuak, olatu erreakzionario baten emaitza baizik. Hizkuntza politika aurrerakoia mugatzeko joera eta oinarrizko eskubideen urraketa salatu dute eta, halaber, gazteleraren nagusitasuna ezartzea herritarron hizkuntza-eskubideen gainetik. Hala azaldu du Kontseiluko buruak: “gu denon bizitzen kontra, hizkuntz eskubideen kontra, hizkuntza aniztasunaren kontra, justizia sozialaren kontra eta bizikidetzaren kontra”.

Gaurkoan, kultura aldarrikapen tresna bilakatu den arren, egunerokoan euskaraz egiteko eskubidea bermatu eta aldarrikatu nahi du Kontseiluak. Dantzak eman dio hasiera eta baita amaiera ere ekitaldiari. Izan ere, Amets Arangurenen ahotsak lagunduta sokadantza egin dute Dugunako kideek. “Beharbada, hobe dugu sokadantza bat eratu eta sokadantza hori izan dadila eskuz-eskuz, zubi bat, ez etorkizun batera, baizik eta bihar oparo batera”.

Eskuz-eskuz azaroaren 4an Bilboko kaleak betetzera dei egin du Euskalgintzaren Kontseiluak, euskarari egiten zaizkion erasoen aurrean, oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!