Geroa Baik eskola publikoan gehienezko ratioa duten taldeetan bikoizketa egitea eskatu du

Bidane Beloki Ezker 2023ko urr. 11a, 13:50

Zizurko Erreniega ikastetxeko ordezkariek egindako elkarretaratzea.

Ratioak linealki jaistea proposatu dio Geroa Baik Hezkuntzari eta "ahal den guztietan" gelen bikoizketa egitea "legezkoa" baita.

Eskola publikoan 25 ikasleko ratioa gainditzen duten gelak banatzeko eskatu dio Geroa Baik Nafarroako Gobernuari. "Ahal den guztietan eta ikastetxearekin ados jarrita", azaldu du Maria Solana Geroa Baiko bozeramaileak. Izan ere, parlamentariak Parlamentuan gaia eztabaidatzeko mozioa aurkeztu du.
Solanak azaldu duenez, "ratioen jaitsiera lineala" babesten dute eta "argi dago Geroa Baik ikasgelen bikoizketa babesten duela arauan aurreikusitako kopurua gainditzen denean". "Ehunekoak behar berezietarako edo gerora sortutako premietarako gordetzen direnez, 25 jartzen duen tokian 26 onartu ahal izatea defendatu daiteke", gaineratu du Solanak. Hartara, "ez dugu ikusten non dagoen arazoa banatzeko", argudiatu du Geroa Baik. "26 legezkoa bada, bikoiztea ere legezkoa da" gaineratu du alderdiak.
Ikasturte honen hasieran, Hezkuntzak ezezkoa eman dio Zizurko Erreniega ikastetxe publikoan hirugarren gela zabaltzeko eskaerari. Geroa Baik legealdi guztietan antzeko kasuak egon direla aitortu du eta "2015etik aurrera gehienak alde konpondu dira", adierazi du. Alderdiaren aldeko jarrera aipatu du parlamentariak.
"Ikastetxearen espazioaren eta antolamenduaren arabera posible den guztietan, eta ikastetxeak hala eskatzen duen guztietan, eskola publikoan gehieneko ratioa gainditzen duten taldeak banatzea onartzea", proposatu du Geroa Baik. Solanaren esanetan, "Akordio Programatikoan, Geroa Bairen ustez, pauso bat harago egin behar zen, ratioa linealki jaitsiz".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!