Urriaren 11tik 15era Gazte Topagune Sozialistak (GTS) ekitaldi soziokultural jendetsua egin nahi du Burlatako eta Atarrabiako hilerrien arteko eremuan. Bi udalek, ordea, hori egiteko baimenak ukatu dizkiote eta GKSk helegitea aurkeztu du. Edonola ere, iraila hasieran, GKSk topaguneko eskaintza eta sarrerak eskuragarri jarri zituen. Horrek “zur eta lur” utzi du Mikel Oteiza Atarrabiako alkatea: "Ospatzea ez zela komenigarria adostu genuen, baina hala ere aurrera jarraitu dute, ekimen horretarako baimena eman ez dugunean”. Atarrabiako eta Burlatako udalek Topagunerako eskatutako baimenak ukatu dituzte, Oteizaren hitzetan, "jardueraren tamaina aintzat hartuta eta auzoan zein bizilagunengan izan dezakeen kaltea eta eragina kontuan hartuz".
GTSk eskaturiko espazio nagusia ez dela egokia azaldu du Oteizak, eta inguru horretako auzokideekin loturiko akordioa ekarri du gogora. 2022ko udan eremu horretan egindako musika jaialdiaren ostean (udako Hatortxu Rock), bizilagunek kexa aurkeztu zuten Arartekoaren aurrean. Horren karietara, udalak konpromiso bat sinatu zuen auzokideekin: eremu horretan abenduko Hatortxu Rock soilik egitea, eta tankera horretako beste jaialdirik ez izatea bertan urte osoan.
Bestalde, GKSk Atarrabiako jaien hurrengo asteburuan egin nahi du Topagunea Atarrabian, "horrek bizilagunen atsedenean eta segurtasun, garbiketa eta zerbitzuetako udal langileengan duen eraginarekin". GKSri uztailaren bukaeran jakinarazi zioten baimena ukatzen ziotela, eta gazte erakundeak helegitea aurkeztu zuen.
Burlatako Udalari ere zenbait baimen eskatu zizkioten. Besteak beste, kanpaldia egin ahal izatea Intxaurrondo (Nogalera) izeneko eremuan eta udal igerilekuak ixtea kanpaldiko kideek erabil zitzaten. Udalak bi baimenok ukatu zizkien, argudiatuz Intxaurrondoa uholde eremua dela eta igerilekuetan lehenagotik ere hainbat jarduera antolaturik zeudela.
Oteizak nabarmendu nahi izan du inolako beto politikorik ez dutela ezarri, GKSren beste zenbait ekitaldi baimendu izan baitituzte, esaterako, Atarrabiako jaietako egitarauan: "GKS-k eskatutako espazio eta jarduerak onartu eta baimendu dira". Topaguneak bestelako arazoak suposatzen omen ditu; izan ere, “Atarrabiak espazio ireki eta zabal gutxi ditu, hirigunea da eta ez dago tokirik horrelako ekimenak ongi garatzeko”. Bere garaian ere, tankera horretako beste topagune bat egiteko baimena ukatu zuen udalak, arrazoi bera argudiatuta. Ekitaldia burutzeko baimenik izan gabe publiko egin izana salatu du Mikel Oteizak.