"Pertsona arrazializatuen kontrako neurrigabeko polizia jazarpena ikusten ari gara Sanferminetan"

Euskalerria Irratia 2023ko uzt. 12a, 11:31

SOS Arrazakeria taldeak aurtengo Sanferminetan pertsona arrazializatuen kontrako poliziaren jarrera salatu du. “Egunero kontrolak, identifikazioak, mehatxuak, irainak eta atxiloketak ari dira pairatzen” azaldu du Euskalerria Irratian taldeko bozeramale Beatriz Villaizanek.

“Ez ohiko polizi despliegea ikusten ari gara aurten” azaldu du Euskalerria Irratian Beatriz Villaizanek, SOS Arrazakeriak taldeak egindako salaketaz galdetu zaionean, “Uztailaren 8an esate baterako, dozenaka udaltzain eta foruzainek osatutako polizia operazioa egin zen kale saltzaileen kontra”. Operazio hauetan saltzaileei materiala kentzeaz gain, identifikazioak eta beren jatorrizko herrietara itzultzeko aginduak banatzen zaizkiela salatu du arrazakeriaren kontrako ekimenak. “Horrelako operazioak lekuz kanpo daude festetan” salatu du Villaizanek, “Identifikazio batetarako ez da beharrezkoa horrelako polizia talde handirik, izua zabaltzea besterik ez dute nahi horrela, kale salmentan diharduten pertsona migranteen gaineko alarma piztea”. Beatriz Villaizanek gogoratu du, kale salmenta, kasu hauetan, gainbizitzeko jarduera dela.

Sarekada hauetan poliziaren jarrera ere agerian utzi nahi izan du SOS Arrazakeriakek. “Bortizki aritzen dira, bai identifikatzen ari diren pertsonen kontra, baita haien jarrera salatu edo azalpenak eskatzen dituzten herritarren kontra ere”.

Adintxikikoak jomugan

SOS Arrazakeria taldek egindako salaketan bereziki kezkagarria da adintxikiko migranteen kontrako jarrera. “Azken hilabeteotan nagusitzen ari den jarrera da, gure herrian, gurasorik gabe, bizi diren gaztetxoen kontrako jarrera” azaldu du Villaizanek, “Sanferminetan areagotu da jazarpen hau eta Alde Zaharraren inguruan, identifikazioak, miaketak eta mehatxuak izaten ari dira egunero”. Galdera bat egin du arrazakeriaren kontrako taldeko bozeramaleak: “Gaztetxo batzuk, nerabe batzuk identifikatzeko, horrelako polizia operaziorik egitea justifikatuta dago?”. SOS Arrazakeriak polizien “profesionaltasun eza” salatu du, identifikazio eta miaketa hauetan duten jarrera oldarkorrarengatik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!