Herri-kirolak Iruñera itzuliko dira sanferminetan, txapelketaz eta erakustaldiz betetako agenda batekin. Uztailaren 8an abiatuko da, larunbatarekin, eta uztailaren 14ra arte, ostiralarekin, luzatuko da, Foruen plazan, 12:00etatik aurrera. Toki horretan, egunero, hainbat txapelketa eginen dira paraleloki, gehienak Nafarroako txapelketen eta XXIII. San Fermin Lehiaketaren barruan. Egunotan gozatzen ahalko diren kirol-diziplinen artean nabarmentzen dira aizkolari, trontzalari eta ingude-, harri-, zama- eta gurdi-jasotzaileen txapelketak. Erakustaldiak ere izanen dira, motozerraz zizelkatzearena kasu.
Herri-kirolek lehen mailako kirolariak ekarriko dituzte Iruñera, eta gizonen zein emakumeen modalitateetan lehiatuko dira. Zehazki, hamabi txapelketa eta lau erakustaldi aurreikusita daude. Bihar bertan, larunbatarekin, adibidez, gizon eta emakumeen trontza txapelketa egonen da, eta emakume aizkolarien txapelketa. Bestalde, igandean, gizonen binakako aizkolari txapelketa eta Nafarroako Gurdi-jasotzaileen Txapelketa izanen dira.
Astelehenean gaztetxoen kirol-proben eguna izanen da. Batetik, Nafarroako trontzalari kadeteen txapelketa eginen da. Eta bestetik, proba konbinatuen erakustaldia, Araxes, Andra Mari, Antsoain, Igantzi eta Berriozar taldeetako kimu, haur eta kadeteekin. Asteartean Nafarroako Ingude-jasotzaileen Txapelketak eginen dira (gizonak eta emakumeak), eta bertaratuek Motozerralarien XXIII. San Fermin Sariaz gozatzeko aukera izanen dute, motozerrarekin nola zizelkatzen duten ikusiz.
Sanferminetako herri-kirolen proposamena osatzeko, asteazkenean, sokatirako 4x4 txapelketa eginen da, Amaiur, Araxes, Antsoain, Berriozar, Beti-Gazte eta Txantrea taldeekin; ostegunean, Nafarroako harri-jasotzaileen eta zama-jasotzaileen txapelketak, eta ostiralean, 3. mailako aizkolarien txapelketa eta Nafarroako txinga-erute txapelketa.
Lau erakustaldi
Lehiaketez gain, Foruen plazan hainbat erakustaldi eginen dira, lehiarako asmorik gabeak, herritarrei herri-kirolen modalitate desberdinak erakusteko. Zehazki, igandean, hilak 9, Lierni Osa harri-jasotzailearen erakustaldia izanen da. Uztailaren 12an, asteazkenarekin, Manolo eta Julen Kañamares anaien txanda izanen da; bi aizkolariek enbor-ebaketa eginen dute, bertikalean. Bestalde, uztailaren 13an, ostegunarekin, Nerea Sorondo, Xanta Sousa, Maika Ariztegi eta Beatriz Tanco aizkolarien trebetasunaz gozatzen ahalko dute ikusleek. Eta aurtengo sanferminetako herri-kirolen agurra Jon Lapazaranen eskutik etorriko da, uztailaren 14an eginen duen zama-jasotze eta -jaurtitze erakustaldiarekin.
TXAPELKETA ETA ERAKUSTALDIEN PROGRAMA FORUEN PLAZA. 12:00
• Uztailak 8, larunbata
o Trontzalariak. Nafarroako Txapelketa (gizonak eta emakumeak)
o Aizkolariak. Nafarroako Txapelketa (emakumeak)
• Uztailak 9, igandea
o Aizkolariak. Nafarroako Binakako Txapelketa
o Gurdi-jasotzaileak. Nafarroako Txapelketa
o Harri-jasotzaileak. Erakustaldia
• Uztailak 10, astelehena
o Trontzalariak. Nafarroako Txapelketa (kadeteak)
o Proba konbinatua (kimuak, haurrak eta kadeteak)
• Uztailak 11, asteazkena
o Ingude-jasotzaileak. Nafarroako Txapelketa
o Motozerralariak. XXIII. San Fermin Saria.
• Uztailak 12, asteazkena
o Sokatira. 4x4 txapelketa
o Enbor-ebaketa, bertikalean
• Uztailak 13, osteguna
o Harri-jasotzaileak. Nafarroako Txapelketa
o Zama-jasotzaileak. Nafarroako Txapelketa
o Aizkolariak. Erakustaldia
• Uztailak 14, ostirala
o Aizkolariak. 3. mailako Nafarroako Txapelketa
o Txinga-erutea. Nafarroako Txapelketa
o Zama-jaurtitzaileak. Erakustaldia