Emaitza horiekin, PSNk aurre hartu zion EH Bilduri agerraldia egiterako garaian eta esan zuen eurek boto gehiago dituztela Geroa Bai eta Zurekin Nafarroarenak bereganatuta. Zer erakusten du horrek?
Iruditu zitzaidan Elma Saizen baitan urduritasuna nagusi duela. Gu, aldiz, oso lasai gaude. Gu gara eskuinaren alternatiba bakarra, eskuinari parez-pare begiratzen diogunak. Mundu guztiak ulertzen du eta aurreikusten du hori: EH Bilduri dagokio gobernu aurrerakoia sortzeko lidergoa.
PSNren jarrera aztertzerako garaian zer nolako eragina izan dezake Espainiako hauteskundeak iragarri izanak eta haietan izan daitezkeen emaitzek?
Besteen sukaldean sartzea ez da erraza, ez eta, osasungarria ere. Kezkagarria da Madrili erabat begira egon behar izatea. Berriro ere PSNk ez badu bere kabuz erabakiak hartzeko ahalmena ez da batere ona izanen Nafarroarentzat. Jarrera hori hauteskundeen aurrerapenaren iragarpenaren aitzitik hartua bada are kezkagarriagoa da. Izan ere, azken lau urteetan egindako lana goraipatzen ari naiz etengabe Nafarroan. Lau urteotan erakutsi dugu kapaz garela indar aurrerakoien arteko elkarlana. Ez dut ulertzen orain hartu dute jarrera hori: Bat batean ez gaituzte ikusi ere egin nahi.
Geroa Baiko alkategaiaren asmoa da botoa zerrenda aurrerakoi bozkatuenari ematea. Iruñean EH Bildu da.
Guri dagokigu bai, lidergoa. Badago beste ñabardura bat Koldo Martinezen esanetan: blokeoarena. Guk ez dugu inor blokeatu. Guztiz faltsua da esatea guk norbait blokeatu izana. Prest gaude hitz egiteko eta udal aurrerakoi bat adosteko. Aniztasunaren izenean ezin da baztertu indar aurrerakoi bozkatuena.
Hirugarren bideaz ere mintzatu da Martinez eta horretarako ere prestutasuna agertu du.
Gure aldetik ez dago blokeorik. Ez dago blokeo bikoitzik. Blokeatzen duena PSN da. EH Bilduk ez du inor blokeatu eta ez du inor blokeatuko. Gobernu inklusibo baten aldeko gara. Baztertu nahi gaituzte baina hori bideragarria ote den ikusi beharko da. Errespetua zor diegu gure boto emaileei: 27.000 botoak ez ditugu zakarrontzira botako, inolaz ere.
Ez dago hirugarren biderik, hortaz? Martinezi edo Zurekin Nafarroako Txema Mauleoni botoak emanen zenizkioke?
Irakurketa bakarra dago. Udal bakoitzean indar aurrerakoiena bultzatu behar dugu. Zein da horren alternatiba? Beti berberari laguntza ematea nahiz eta ez izan lehen indar bozkatuena? Ez dut uste hori bidea denik.
Mintzatu zarete Martinez eta biok?
Bai, telefonoz momentu batez hitz egin genuen, baina emaitzak oraindik baloratu gabe genituen. Errepikatu nahi dut. Egon daitezkeen alegiazko negoziaketa edo elkarrizketen inguruan mintzatu beharko gara. Diskrezio osoarekin landuko ditugu gaiak, hori bai.
Nafarroako Parlamentuan PSNri dagokio buru izatea negoziazioetan. Iruñean alkate ez bazara zein eragin izan dezake Gobernuan?
Nortasun propioa du Iruñeak. Horretan gaude zentratuak. Errespetu osoarekin. Hortik aurrera, iritsiko da beste pantaila batera begiratzeko unea. Baina abiapuntua beste bat da. Oinarrizko printzipioa mantentzen ari gara.
EH Bilduko kide izandako Juan Carlos Longasek sare sozialetan iradoki zuen Iruñeko aginte makilik gabe ezin zaiola Nafarroako Lehendakaritza PSNri eman. Zer iruditzen zaizu gogoeta?
Ez da momentu honetako aztergaia. Iruñeko erradiografiaren gainean lan egiten ari gara, oraingoz. Gero pasako gara Nafarroa osoko erradiografia aztertzera. Gauza ezberdinak dira. Kromo aldaketaz ez dut hitz egin nahi. Politika zaharrak dira horiek. Printzipio logiko eta etikoekin nabil orain: indar bozkatuenari eman behar zaio aginte makila.
Xake partida batean bagenbiltza zein izanen litzateke zure hurrengo mugimendua?
Azken unera arte itxaropena ez dut galtzen utziko. Buelta ematen saiatuko naiz. Inbestidura hasita ere, saiatuko naiz gobernu alternatibo, ezkertiar eta aurrerakoia sortzen. Iruñeko jendearen begietara ezin diegu begiratu esateko Ibarrola eta Adanero izanen dituztela agintean. Izugarria litzateke.