2019an egindakoa ez lukete errepikatu nahiko: “UPNri alkatetzak ematea ez litzateke berriz ulertuko. Alderdi aurrerakoiekin adostera jo behar dugu”, azaldu du Eginok. Elkarrekin aurkeztuko dira zenbait alderdi Zurekin Nafarroa koalizioarekin (Ahal Dugu, Ezkerra, Batzarre, Nafarroako Independienteak, Alianza Verde eta Equo Berdeak) . Jendearen beharrei erantzuteko “biderik egokienean elkartu gara denok”. “Luzera begirako proiektua ikusten dugu. Ilusioa sortzea espero dugu”, nabarmendu du Eginok.
Auzoak indartu, Erorien Monumentua hustu eta zezen festak amaitu
Iruñean indarguneak eta ahulguneak badira. Horietan egin behar da lan Eginoren ustez. “Auzoak indartu nahiko genituzke. Inguruko herriek bezainbeste biztanle dituzte eta zerbitzu guztiak dituztela ziurtatu behar da. Kudeaketa zuzena egin nahiko genuke zerbitzu publiko guztiak eskaintzeko. Adinekoei eskaintzen zaizkien zerbitzuetan, minusbaliotasunen bat dutenentzat, Civivoxak, emakumeenganako arreta…”.
Erorien Monumentuarekin eginen luketena ere nahiko argi dute: “Desegin egin behar da ezinbestean”. Gogoan du, monumentu horrek duen esanahiagatik jende asko ez dela hortik igarotzen. “Eraikina suntsitu, pareta bat egin eta han fusilatu zituzten 3.500 herritarren izenak idatzi. Haien omenezko espazioa sortu daiteke plaza horretan”.
Jaiak eta ospakizunak ere asko dira Iruñean. Auzoetatik hasi eta hiriko festa handienetaraino. “Entzierro eta zezenketak aspaldidanik kenduko nituzke nik. Uste dut, Europatik iritsiko dela noizbait legezkoak ez direla esanez. Horren aurretik badugu aukera guk festak aldatzeko eta sanfermin herritarrak sortzeko”.