Koldo Martinezek argi du zer nolako egitasmoak eramanen lituzkeen aurrera Iruñeko alkatetzara iritsiko balitz. “Hiria kohesionatzetik hasi beharko ginateke. Onartezina da auzoak mailakatuak izatea eta lehen, bigarren eta hirugarren mailakoak mantentzea. Navarra Sumak albo batean utzi ditu auzotar ugari”, adierazi du Geroa Baiko alkategaiak. Hauteskunde ondoko akordioez galdetuta, Martinezek ez du batere argi nola jokatuko duen alderdi sozialistak: “Elma Saizen alderdia ez da fidagarria. Pasa den legealdian bere buruari botoa emanda egin zuen Enrique Maia alkate. Espero dut oraingoan bloke aurrerakoiarekin egitea bat”.
EH Bilduren zerrendekin gertatutakoa ez zaio batere gustatu: “Humanoki eta etikoki hanka sartu dute, higuingarria baita pertsona horiek zerrendetan sartzea. Era berean esanen dut Espejo koronela saritzea eta konfiantzazko kargua ematea onartezina dela”. Azken legealdian Espainiako Senatari izan da Martinez. Haren aburuz, PSOEk EH Bildurekin Geroa Bairekin baino harreman zuzenagoa izan du: “Neri ez didate proposamen bat bera ere onartu. Felix Bolaños ministroari esan nion horretarako hobe genuela gobernutik kanpo geratzea eta ongi iruditzen zitzaizkigun gauzak soilik onartzea". Datorren legealdian hori bera egiteko asmoa duten galdetuta, Martinezek hala erantzun du: "Bolañosi esan nion berbera esaten dizut".
Iruñeko azpiegitura zaharrekin zeregin ugari
Labriteko zaldainak ongi laburbiltzen du UPNk azken 4 urteetan egindakoa lana Martinezen ustez: “Planifikazio orokor gabe, inorekin kontatu gabe, inoren galderak eta eskakizunak erantzun gabe… bakardadean aritu da”. Hiri plural eta anitzean hori egiteak hanka sartzea dakarrela uste du.
Autobus geltoki zaharrari dagokionez “akordioak” beharko dira erabakiak hartzeko. Geroa Baik bere horretan mantenduko luke dena dela: etxebizitzak, erlojua, jatetxea, saltoki soziala eta haurrentzako parkea. Horrez gainera, nerabeentzako espazioa ere sortuko luke.
Erorien Monumentuarekin zer egin ere aztergai da azken urteetan Iruñean. “Vianako Printzea egitasmoaren babesa kenduko nioke hasteko. Hortik aurrera Geroa Bairen baitan iritzi desberdinak daude. Batzuek suntsitu eginen lukete, besteek eraberritu”. Kontua aztertu, hausnartu eta adosteke dagoela dio.
Kulturarekin zerikusia dutenen artean Hiriartea berreskuratu nahiko luke Martinezek eta Civivoxak berpentsatu: “Beste bizi bat eman behar zaie. Kultura auzo guztietara iritsi dadin era orekatu batean. Bertako taldeei ateak zabalduko nizkieke. Kultura KM 0 bultzatu beharko litzateke”, esan du.