Iruñeko oposizioak "epeak eta datak" eskatu ditu Sanduzelaiko biribilgunea "behin betiko" konpontzeko

Euskalerria Irratia 2023ko mar. 30a, 07:46
Sanduzelai auzoko hamahiru taldek Udalari egindako proposamena, biribilguneak eragindako arazoak gainditze aldera.

Iruñeko Udaleko Hirigintza Batzordeak oposizioko taldeek (EH Bildu, PSN eta Geroa Bai) aurkeztutako adierazpen bat onartu zuen atzo, Sanduzelaiko auzoko biribilgunearen kontura.

Bi puntu onartu zituzten aho batez: batetik, apirilaren 4ko Hirigintza Batzordearen gai-zerrendan Sanduzelaiko biribilguneari buruzko puntu bat sartzea; bestetik, berriki eratutako auzo-batzordeari dei egitea eztabaidan parte har dezan.

Horretaz gain honako hau onartu dute: "Mugikortasun-alderdiak konpontzeko premiazko neurri aringarri oro, hala nola biribilgunean zebrabide semaforizatuak jartzea, berrikusgarria eta itzulgarria izango da denbora-tarte jakin batean, eta auzokideekin adostuko da, izendatutako auzo-batzordearen bidez".

Adierazpenaren beste puntu batek, proposatzaileen babesarekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin aurrera atera denak, berretsi egiten du Udaleko talde politikoek martxoaren 21ean Sanduzelaiko civivoxean egindako eztabaida-mahaian hartutako konpromisoa, "epeak eta datak ezarriz ideien lehiaketaren deialdiaren bidez konponbide integral eta behin betikoan aurrera egiteko".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!