Trinitarios parkeko igogailua maiatzaren bukaeran jarriko dute martxan

Euskalerria Irratia 2023ko mar. 29a, 20:32
Trinitarios parkeko igogailuaren obrak.
  • Oinezkoentzako bidea eta bidegorria amaitzeko lanetan ari dira.

  • Obren bigarren fasea uztailerako amaituta egotea aurreikusten dute.

Trinitarioseko parkea eta Takonera lotzea helburu duen hiri-igogailua maiatzaren bukaeran edo ekainaren hasieran martxan jarriko dutela iragarri du gaur Udalak Hirigintza Batzordeko kideen bisitan.  

Dagoeneko, igogailuaren, parkearen eta urbanizazioaren hainbat alderditan oinarritzen dira obrak: jarduketaren goiko eta beheko plataforman. Igogailurako pasabidea eta euskarri bertikala joan den otsailaren 10ean instalatu ondoren, igogailu-kabina egituraren barruan kokatzeko lanetan ari dira orain. Bestalde, berdeguneen landare-lurra profilatu dute, bide nagusiaren zoladuraren eta bidegorriaren zati bat ere bai.

9.900 metro karratu baino gehiagoko eremuan berdegunea, hura zeharkatzeko bidea eta bidegorria eraikiko dute. Duela urte bete, joan den martxoaren 28an, hasi ziren lanak eta 2023ko lehen hilabeteetan amaitzea aurreikusten zuen Udalak.

Hiriko hamaikagarren hiri-igogailua izango da eta López Sanz doktorearen kalearen, Iruñeko Udaltzaingoaren egoitzaren eta Anaitasuna SCDRaren arteko hogei metroko desnibela eta etorkizuneko parkea gaindituko ditu. Igogailuaren beheko aldean, parkeko obrez gain, Biurdana kaleko biribilgunea Plazaola pasealekuan sortuko den plazatxoarekin lotuko duten oinezkoentzako eta bizikletentzako bideak amaitzen ari dira. Era berean, igogailutik Takonera parkeraino sortzen den oinezkoen eta txirrindularien mugikortasuna xurgatzeko, bidegorria eraikitzen ari dira.

Azkenik, etxebizitzen ondoko aparkalekuak kenduko dira eta oinezkoentzako bidegurutze atseginagoak sortuko dira Iratxeko Monasterioa kalearekin eta Erreginako aldaparekin. Obren bigarren fasea uztailerako amaituta egotea aurreikusten dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!