Nafarroako pertsonaia ezagunak arrazismoaren kontra, ‘Aniztasuna gure DNAn dago’ kanpainan

Euskalerria Irratia 2023ko mar. 20a, 19:25

Ekimenak musikari, kirolari, kazetari eta sukaldari famatuen jatorri genetikoa eta testigantzak bildu ditu.

Bihar ospatuko den arraza-bereizkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira aurreiritziak desegin eta arrazakeriari aurre egiteko Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak “Aniztasuna gure DNAn dago” kanpaina abiatu du. Horretarako, Nafarroako pertsonaia ezagunak (kirolariak, musikariak, kazetariak…) bildu dituzte DNA proba bat egiteko eta Azalaren azpian dauden aztarna genetikoak berrikusteko, beren arbasoen jatorria ezagutzeko.

Kanpainaren muinean nabarmendu dute zientziak aspaldi erakutsi zuela “gizakiok askoz gehiago dugula komunean bereizten gaituena baino”, gizaki guztiok partekatzen baitugu gure material genetikoaren % 99,9.  Gainera, mende luzeetan zehar munduan zehar migratu eta mugitu izan dira gizakiak eta oso urruneko giza taldeak ahaidetuta daude ondorioz. Hala ere, “desberdina denarekiko gorrotoa eta identitate batzuk besteak baino baliagarriagoak direla sinestea daude oraindik ere”, azpimarratu du Eduardo Santos kontseilariak.

Era berean, spotean eta kanpainan parte hartu duten pertsonen lankidetza zintzoa eta eskuzabala eskertu du Santosek. Aurora Beltrán, Chimy Álvila, Enrique Villareal (El Drogas), Mai Garde, Chica Sobresalto, Maitane Melero, Belén Galindo, Rita Lora, Javier Solano, Joaquín Calderón, Natalia Lacunza, Steven Wu, Julian Iantzi eta Yorrick Throman izan dira kanpainan parte hartu duten pertsonaiak.

Hemen kontsulta ditzakezu parte hartzaileen jatorri genetikoa eta haien testigantzak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!