Labari terraza ukatzeko udalak interes politikoa duela salatu dute EH Bilduk eta Geroa Baik

Lohizune Amatria Zabalza 2023ko mar. 14a, 11:19

Administrazioarekiko auzietako auzitegiaren esku utzi du Iruñeko Udalak Labaren terraza. Ebazten dutena beteko dutela adierazi du Javier Labairu UPNko zinegotziak.

Gazteluko plazan terraza edukitzeko Laba elkarteak egindako eskaera Administrazioarekiko auzietako auzitegira eraman du Iruñeko Udalak. “Bi alorren arteko desadostasuna argitzeko”, Javier Labairu UPNko zinegotziaren hitzetan. Administrazio auzitegiak baimena emateko eskatu dio udalari, ordenantzak terraza edukitzeko eskubidea aitortzen dielako kafe dastaketa lizentzia dutenei. Udaleko hiri segurtasunaren alorreko teknikariek eta zerbitzu juridikoek, ordea, arauaren beste interpretazio bat egin dute. Uste dute soilik ostalaritza lizentziadunek izan behar dutela aukera. “Auzitegiak esanen digu zer egin behar dugun, eta hori beteko dugu”, ziurtatu du. Hala ere, haren alorraren iritzia “babestu” behar duela gaineratu du.

Ebazpenak aurrekari bat ezarriko duela iritzi dio zinegotziak. Kafe dastaketa lizentziadunei terraza edukitzeko aukera ematea Alde Zaharraren “saturazioari atea zabaltzea” izan daitekeela esan du. Argudioa ez du onartu oposizioak. “Izanen da gustuko ez duzuena ez duzuelako nahi”, erantzun dio Geroa Baiko Patxi Leuzak. “Txantxa bat dirudi, ez duzue sinisten ezta zuek ere”, esan dio, berriz, EH Bilduko Eva Arangurenek.

Iruñeko Udaleko presidentetza batzordean eman ditu auziaren inguruko azalpenak zinegotziak. EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNk galdetu diote gaiari buruz. Baimena ez emateko interes politikoak dituela leporatu diote alderdi euskaltzaleek. “Udal ordenantzen interpretazio laxoa egiten duzue, hala izan zen covid terrazekin edota sanferminetako terrazekin”, kritikatu du Arangurenek.

Laba elkarteari dagokion terraza zatia Winsor tabernak erabiltzen du egun, ordenantzak eskatzen duen jabearen baimenik gabe. Gaiaz galdetu dio Geroa Baik zinegotziari, baina ez du erantzunik eman nahi izan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!