Terraza jartzeko lizentzia jasotzeko eskubidea du Laba elkarteak. Hala ebatzi zuen Nafarroako Administrazio Auzitegiak, 2022ko urriaren 10ean. Eskatutako lizentzia hilabeteko epean ez emateko “hitz nahasgarriak” erabili izana aurpegiratu dio auzitegiak Iruñeko Udalari. Izan ere, Herritarren Segurtasunerako arloak geldiarazita du prozedura. Urtarrilaren 24koa da auzitegiaren azken erabakia: “Exekuziorako emandako epea igaro eta guztiz bete ez bada, interesdunak Auzitegi honi eskatu ahal izango dio Nafarroako Gobernuari eska diezaiola ebazpena subsidiarioki betearazteko, egokia dena xedatzeko”.
Iruñeko Udalak ezezkoa eman zion hasiera batean elkarteak egindako eskaerari. Auzitegiaren ustez, udalak emandako motibazioa guztiz “murritza” da, eta arkitekto batek egindako txosten tekniko bat aipatzen duelako soilik. Labak kafe dastaketa lizentzia du, eta udal ordenantzen arabera, terraza edukitzeko aukera ematen dio horrek, baina halakorik ez du aintzat hartu udalak. Laba elkarteak duen eskubidea aintzat hartzeko eskatu dio Nafarroako Arartekoak ere Iruñeko Udalari.
Elkartea Gazteluko Plazako 2. zenbakian dago, Windsor tabernaren eta La Perla hotelaren artean eta egun Windsor tabernak erabiltzen du elkarteari dagokion tokia, baimenik gabe, ez baitu jabegoa duenaren berariazko onespenik.