Donibane auzoak jasandako errepresioa oroitzeko musika jaialdia antolatu dute

Euskalerria Irratia 2023ko ots. 2a, 11:45

Atarrabiako Totem aretoan Zartako, Arkada eta Afu musika taldeak bildu dituzte Zuregatik Rock jaialdian, otsailaren 25ean.

“Batzuetan gure egunerokotasunetik atera, erritmo bizia gelditu, eta gertatu zaigun guztiaren inguruan aritu beharra dugu. Pairaturiko gertakari ezberdinak oroitzeko espazioak behar ditugu, elkarrekin konpartitu, besarkatu, baita malkoak isurtzeko ere”. Azaldu dute Donibane auzoko zenbait herritarrek. “Elkarrekin abestu, dantzatu eta gozatu beharra dugu”. Eta horretarako Zuregatik Rock jaialdia antolatu dute.  

Donibane auzoak azken hamarkadetan gertatutakoa oroitzeko eta elkarren artean konpartitzeko espazioa izanen da. Martxan jarritako egitasmo, proiektu eta protestak, batetik: “Baguada parkean egin nahi zuten gasolindegiaren kontrako protestak, grebak, jaiak, inauteriak, eraso sexisten aurkako mobilizazioak, euskaren aldekoak, euskal preso politikoen aldekoak, atxiloketen kontrakoak, apartheidaren aurkako milaka lagunen mobilizazio nazionalak edota eraildako bizilagunengatik egindakoak”.

Eta jasandako errepresio eta oztopoak. “Ez da erraza izan auzo honetan euskalduna izatea, edo abertzale sentitzea, Euskal Herriaren aldeko lana egin eta auzoa eraldatu nahi izatea. Asko dira horregatik bizilagunok pairatu egin ditugun jazarpenak, auzo honen historia ezin baita ulertu euskal nazio askapen borrokarik gabe, askatasun grinarik gabe, konpromisorik gabe, bizilagunon arteko elkar zaintza eta komunitate sentimendu sendo bat gabe", adierazi dute. “Donibanen hamarnaka izan dira kartzela, tortura edo erbestea ezagutu duten bizilagunak, ehunaka polizia ezberdinekin izandako gertakariak, isunak, kolpeak, mehatxuak edota zoritxarrez, lazgarrienak, gure bizilagunen erailketak". 

Horiek guztiak gogoan gordetzeko musika jaialdia izanen da Zuregatik Rock. Totem aretoan eginen dute, otsailaren 25ean eta Zartako, Arkada eta Afu musika taldeak igoko dira Atarrabiako oholtzara 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!