Sinadura bilketa abiatu dute hurbileko elikadura ereduaren alde

Euskalerria Irratia 2023ko urtarrilaren 30a

Nafarroan elikadura burujabetzaren alde egiteko manifestua babesteko kanpaina garatzen ari da Mugarik Gabe Nafarroa.

Elikagai ekoizpenaren oinarria den nekazaritza lurra nabarmen murriztu da Nafarroan azken 20 urteetan. Lautik hiru soro zerealak dira. Artoaren erdia transgenikoa da. Eta gure lurren laurden bat soilik erabiltzen da giza elikadurarako. Bioaniztasuna larriki galdu da. Elikadura burujabetzaren erradiografia txostenean bildutako ondorioetako batzuk dira. Mugarik Gabe Nafarroak egin du, eta atxikita manifestu bat aurkeztu, beste elikadura eredu baterantz aurrera egiteko eztabaida pizteko asmoz. Ehun eragile eta erakundek sinatu dute dagoeneko manifestua, orain norbanakoek dute aukera mugarikgabenafarroa.org atarian. 

Burujabetzaz solasean

Elikadura burujabetzaz hitz egin dezagun solasaldia antolatu du elkarteak, asteazkenean, 18:30ean, Kaldereriako aretoan. Hiru hizlari bilduko dituzte Gotzone Sestorain Etxaldeko kidea,Rubí Daniela Vega Sotelo eta Luis Fabián Pachón Camelo, Federación Nacional Sindical Unitaria Agropecuaria taldeko kideak. 

2020-2030eko hamarkadarako Euskal Herrian elikadura sistema eta ekoizpen irakunkorra lortzeko bideaz eta Kolonbian elikadura burujabetzarako herri hezkuntzaz mintzatuko dira.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!