Kuriako isunduekiko elkartasun eguna antolatu dute

Euskalerria Irratia 2023ko urt. 9a, 10:14

Iruñeko Arrano Elkarteak pasa den Sanferminetan Kuria kalean izan ziren istiluengatik isunduak izan zirenekiko elkartasun ekonomikoa bideratzeko eguna antolatu du urtarrilaren 14ean. Bazkari herrikoia eta kontzertuak antolatu dituzte.

"Azken sanferminak, atzera pauso bat izan dira Iruñea eta iruindarrendako", diote Elkartasun Egun honen antolatzaileek. "Atzerapauso pentsatua eta bilatua, erabat planifikatua: Protokolo feministaren aurka jo eta bere zilegitasuna zalantzan jarri, Peñen irudia kakazten saiatu eta ekitaldiak oztopatu, Herri Sanferminetako txosnak debekatu, aniztasun kulturaleko elkarteei espaziorik ez utzi, harreman seguruen aldeko kanpainan ez parte hartu... finean, Navarra Sumaren hiri ereduarekin bat egiten ez duen edozein adierazpen herrikoi, espontaneo, zabal eta anitz kriminalizatu eta jazartzea", ondorioztatu dute. Azken finean, Sanferminek duten "kutsu inprobisatu, kaletarra eta herrikoia" desagerraraztea dutela helburu uste dute, eta horretan kokatu dute Iruñeko Enrique Maya alkatea.

Kuria kalean Prozesioan eman ziren iskanbilen ondorioz isunduak izan ziren pertsonei elkartasuna adierazteko antolatu dute Elkartasun Eguna. "Tartean, gure elkarteko 4 bazkidek pairatu izan dute errepresio hau, eta beraiekiko elkartasuna adierazi eta dirua biltzeko (jada 12.000 euro ordaindu behar izan dute isunetan) antolatu dugu lehen ekimen hau, urtarrilaren 14an eginen dugun Elkartasun Eguna", azaldu dute.

Arratsaldeko 14.30etan herri bazkaria eginen da (izena emateko arranoelkartea@telefonica.net idatzi behar da). Ondoren, 17.00etan Luziano arituko da, eta 20.00etan Rakatun musika taldeak joko du.

Iturria: Ahotsa.info.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!