Floren Aoiz "bidegabe kanporatu" zutela onartu du Mexikok

Euskalerria Irratia 2023ko urt. 9a, 10:08
Argazkia: Sortu

2015ean persona non grata izendatu zuen Mexikok Floren Aoiz tafallarra, Sortuko Asier Altuna kidearekin batera. Debekatuta izan du sarbidea herrialdera. 

Mexikok hamazazpi pertsona “zilegitasunik gabe” kanporatu eta persona non grata izendatu dituela aitortu du Lopez Obradorren Gobernuak. Horien artean dago Floren Aoiz, eta pozik hartu du gobernuak egindako adierazpen ofiziala: “Ezohikoa bezain pozgarria da adierazpena, onartzen delako zilegitasunik gabekoa izan zela kanporaketa eta ez zegoela inolako arrazoirik hori egiteko.  

2015ean deportatu zuten Aoiz, Sortuko Asier Altunarekin batera, Iratzar Fundazioaren izenean Sao Pauloko Forora zihoanean. Azalpenik eman gabe atxiki zuten aireportuan bertan: “Gau bat eduki ninduten atxikita, nonbait Estatu Batuetatik pasatzeko debekua nuen eta. Ez ziguten ezer esan, pasaporteak kendu eta Madrilera iritsi arte ez ziguten itzuli. Madrilen Espainiako Poliziak ere esan zigun ez zekiela deus”.

Kanporaketa horien atzean, espainiar estatuaren presioak daudela uste du Aoizek. “Euskal independentismoaren kontrako kriminalizazioaren testuinguruan ulertu behar da. Gauzak aldatu dira, baina kontuan hartu behar da Mexikoko gobernuak hartu duen jarrera hau ez dutela beste batzuek hartu. Espainiako Gobernuak, kasu”.

Zortzi urteren ostean, orain "inolako mugarik gabe sartu eta irten ahal izango da Aoiz herrialdetik. Sortu alderdiak pozik hartu du Mexikok eskubide-urraketa aitortu eta erreparatu izana.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!