Mugikortasun urriko iruindarrek kalera ateratzerik izanen dute

Euskalerria Irratia 2023ko urt. 4a, 13:26

Igo eta jaitsi egitasmoaren bitartez, astean hiru aldiz ateratzerik izanen dute laguntza kualifikatuarekin, erosketak egiteko, paseatzeko zein beste pertsona batzuekin elkartzeko. 

Mugikortasun urria duten edo beren etxeetan oztopo arkitektonikoak dituzten pertsonak kalera, paseatzera, erosketak egitera, mandatuak egitera eta beste pertsona batzuekin harremanak egitera atera ahal izatea da Iruñeko Udalak Nafarroako DYArekin lankidetzan egiten duen ‘Igo eta jaitsi’ programaren xedea. 

Lankidetza-hitzarmen baten bidez, Nafarroako DYAko boluntarioak mugikortasun beharrak dituzten pertsonak etxetik sartu eta irtetea errazteaz arduratzen dira. Hala, adibidez, etxeak ez badu igogailurik, zerbitzua eskatzen duen pertsona igo eta jaisten dute, bere inguruko zerbitzuak eskuragarri izatea eta beste pertsonekin harremanak izatea errazteko. Azken finean, kontua da isolamendua ekiditea doako zerbitzu kualifikatu baten bidez, izan ere, Nafarroako DYAko boluntarioek prestakuntza berezia dute mugikortasun beharrak dituztenen kasuak tratatzeko. 

Pertsona bakoitzak, momentuz, zerbitzua gehienez ere astean hiru egunez eska dezake. Helburua da datu base bat sortzea zerbitzu horretan interesa dutenekin. Horretarako, zerrenda horretan sartzea eskatzen ahalko dute auzo-unitateetan, osasun zentroetan, adinekoen sareetan eta beste hainbat udal-baliabidetan. Onuradunen baimenarekin, datuak Nafarroako DYAri igortzen zaizkio, eta 24 orduko epean beren zerbitzuak behar dituzten pertsona deribatuekin harremanetan jartzen dira haien beharrak ezagutzeko eta, behar izanez gero, irteera-egutegi bat ezartzeko. 

Bi egunetik hirura

Nafarroako DYA elkarteak bost urte daramatza zerbitzu hori Iruñeko herritarrei ematen. Hala ere, orain, Udalak sinatutako hitzarmenari esker, onuradun kopurua eta irteeren maiztasuna handitu ahal izan da. Zehazki, orain zerbitzua astean hiru egunez eskuragarri dago, orain arte eskaintzen ziren bi egunen ordez. 

Ekimena ‘Iruñeak zaintzen zaitu’ programaren barruan dago, zeinetan Iruñeko Udalak adinekoendako udal-eskaintza guztia biltzen baitu, hala nola kirol jarduerak, ikastaroak, lantegiak, etxez etxeko zerbitzuak, laguntzak, dirulaguntzak eta partaidetza-tresnak. Programak xede du zahartze aktibo eta osasungarria sustatzea, autonomia bultzatzea eta bizi kalitate hobea lortzeko kalitatezko arreta bermatzea. Horrexegatik ‘Igo eta jaitsi’ ekimena ere haren barruan dago, adinekoak bere etxean isolatzea eragin dezaketen oztopo arkitektoniko eta fisikoak gainditzeko funtsezko laguntza gisa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!