Iruñeko kartzela zaharreko atea, memoria leku

Lohizune Amatria Zabalza 2023ko urt. 4a, 12:28

Iruñeko kartzela zaharreko atea, espetxearen orubean.

Espazioa Memoria Historikoaren Leku izendatu du Nafarroako Gobernuak, 1936ko Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak eskatu bezala.

Iruñeko kartzela zaharreko atea espetxea zegoen orubean jarrita dago jada. Espetxearen barruan zegoen atea da, ez kaletik ikusten zena. “Ate historikoa”, Ana Ollo Herritarrekiko harremanetarako kontseilariaren hitzetan. Abenduko azken astean abiatu zituzten obrak, eta gaur lekua bisitatu du gobernuko ordezkariak. 

1936ko Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteak (AFFNA-36-NAFSE) eskatu zuen kartzela zaharreko atea berriro orubean altxatzeko. Oztopo zenbait izan ditu proiektuak, aitortu du kontseilariak. “Harriak zeuden ez genekin hasieran”, azaldu du. Santa Luziako espetxean zeuden, ordea, gordeta; eta kartzelari lotutako memoria historikoaren berreskurapenean, atea zegoen jartzea izan da lehenengo urratsa: “Gure asmoa da proiektu orokorrago bat osatzea, hona gerturatzen direnek jakiteko zer gertatu zen hemen, zer zen kartzela, nola bizi ziren presoak… “. Memoria dute eskolak proiektu pedagogikoan ere sartuko dute gunea.

Memoria Historikoaren Leku izendatu du Nafarroako Gobernuak Donibaneko orubeaa, 2018an onartutako legearen babesean Nafarroan dauden hogei tokietatik hamabosgarrena; eta berreskuratzeko bidean aurrera egiteko, Iruñeko Udalak eta Espetxe Erakundeek hitzarmen bat sinatu zuten. Izan ere, bi eraikin berri daude proiektatuta plazan, bata judiziala eta bestea udalarena.

Historiaren ikur

Iragana eta orainaren arteko nahasketa bat da Iruñeko espetxe zaharreko atea. 1907koa da, baina albo batean entzungailu automatiko bat ere badu. Izan ere, duela hamar urtera arte erabili izan da. 2012ko urrian eraitsi zuten Iruñeko kartzela zaharra, duela hamarkada bat baino ez, eta hondakin guztiak kendu zituzten. Iruñeko espetxe probintzial zaharra 1908an inauguratu zuten, eta 2012an eraitsi zuten arte egon zen martxan. Lau patio eta hiru solairu zituen.

Iruñean gertatutako historiaren ikur izan da, ordea, kartzela. Intsumisio eta kontzientzia eragozpenaren mugimenduaren isla, batetik; bestetik, 1936ko estatu kolpearen ondotik gertatutakoaren lekuko. Urte hartatik 1940ra arte 2.000 presotik gora izan ziren gatibu espetxean, 194 ziega zituen arren. Iruñea gatibuen hiria izendatzen zuten garai hartan. Datu adierazgarri bat eman du kontseilariak: hiru iruindarretik bat preso zegoen.

Baina ez hori bakarrik. Fusilatu izan zituzten askoren azken bizilekua ere izan zen Iruñeko espetxea. Kartzela hartan izandako 400 gatibu hil zituzten. Gerra fronterik ez zen izan Nafarroan, baina 3.500 pertsonatik gora fusilatu zituzten, Espainiako gerran eta frankismo garaia. Mila inguru dira oraindik agertu ez direnak. Bilaketa lan horretan murgilduta dago Olloren departamentua; baina, aitortu du, lan zaila dela. Atzo eman zuten azken bi identifikatuen berri, eta aurki jasoko dituzte gorpuzkinak senideek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!