Jesus eta Mariaren aterpetxea zabaldu dute, etxerik gabeko pertsonak hotzaz babesteko

Euskalerria Irratia 2023ko urt. 3a, 07:14

Jesus eta MAria aterpetxearen sarrera (Argazkia: Iruñeko Udala).

Baliabide horrek Trinitariosko aterpetxea osatzen du; azken hori beteta dago, eta 50 laguni ostatu emateko gaitasuna dauka

Jesus eta Mariaren aterpetxea urtarrilaren 5etik martxoaren 31ra egonen da zabalik kalean bizi diren pertsonak hartzeko, neguko tenperatura baxuen aurrean. Compañia kalean dagoen aterpetxeak 50 pertsona hartzeko lekua dauka eta erabiltzaileek bertan afaldu, lo egin eta gosaldu dezakete. Instalazioetan komunak eta dutxak ere badaude. Harrera-ordutegia arratsaldeko 20:00etatik goizeko 09:30ak arte da.

Baliabide hori salbuespenez irekitzen da tenperatura baxuengatik eta Trinitariosko udal aterpetxearen eskaintza osatzen du, zeinetan azaroaren 18tik 58 lekuak beteta baitaude hotz-bolada dela eta. Salbuespenezko egoera hori ostatuen bidez konpondu ohi da, eta oraingoan Nafarroako Gobernuarekin administrazioen arteko lankidetza baten bidez aurre egin zaio.

Zerbitzu horri esker kalean bizi diren eta Trinitariosen dagoen Etxerik Gabeko Pertsonak Artatzeko Zentroan eta kaleko hezitzaileen bidez artatzen diren pertsonen oinarrizko beharrak asetuko dira. Behin-behineko baliabide bat da, martxoaren 31ra bitarte, izan ere, Jesús eta María aterpetxea turistek edo Donejakue Bidea egiten duten erromesek erabili ohi dute. 

Hotzaren aurkako protokoloa

Iruñeko Udalaren Etxerik Gabeko Pertsonak Artatzeko Zentroaren hotz-boladaren protokoloa abian jartzen da eguraldiaren aurreikuspenek hiru gradu zentigradu baino gutxiagoko tenperatura iragartzen dutenean. Protokoloa indarrean dagoen bitartean, zentroan leku librerik geratzen bada, ez zaio ezein eskatzaileri harrera ukatzen. Leku guztiak betetzean, zerbitzuak, ahal den neurrian, erabiltzaileak beste baliabide batzuetara bideratzen ditu, hala nola orain erabilgarri dagoen aterpetxea.

Hotzaren kontrako Protokoloa udalak etxerik gabeko pertsonei zuzenduta egiten duen esku-hartzeetako bat da, eta haren xedea da eguraldi txarrak eragindako larrialdi-egoeretan kalean lo egiten duten pertsonekin erabili behar diren baliabide teknikoak eta giza baliabideak koordinatzea. Neurri horiek larrialdi humanitario baten testuinguruan hartzen dira. Horren bidez, lortu nahi da inork kalean lo egin behar ez izatea muturreko hotza egiten duenean. 
 

Jesus eta Mariaren aterpetxea Compañia kalea

  • Urtarrilak 5 – martxoak 31
  • Ordutegia: arratsaldeko 20:00etatik goizeko 09:30era
  • Edukiera: 50 lagun
  • Gaua igarotzea, afaria, gosaria eta komunetara eta dutxetara sartzea barne hartzen ditu.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!