Trafiko mozketak eragingo dituela nabarmenduz eman du Olentzeroren berri Iruñeko Udalak

Euskalerria Irratia 2022ko abe. 23a, 13:34

Bi urteko etenaren ostean, Olentzeroren Lagunen elkarteak bihar arratsaldean eginen du kalejira.

900 ekitaldi eskaera baino gehiago jaso ditu Iruñeko Udalak aurten. Javier Labairu zinegotziak eman du datua, azken presidentetza batzordean. Hiriburuan egiten diren ia ekitaldi gehienek eragiten dute aldaketarik trafikoan. Iruñeko Udalak, baina, bakar bat nabarmendu du: Olentzeroren kalejira.

Bi urteko etenaren ostean, Olentzeroren Lagunen elkarteak bihar arratsaldean eginen du kalejira. Ikazkina 19:20 aldera iritsiko da Udaletxe plazara, eta Udalbatzak harrera egingo dio bertan. Udalak zabaldu duenez, Enrique Maia alkateak ongietorria emango dio. Hala ere, udalak beste zerbait azpimarratu du erabili duen titularrean: “Olentzeroren desfileak aldaketak eragingo ditu trafikoan larunbat arratsaldean Iruñeko erdigunean”.

Ez da ezohikoa trafikoan izanen diren aldaketei buruz oharrak zabaltzea Iruñeko Udala, baina obrek eragindakoak izan ohi dira gehienak. Hemerotekara joz, Errege Magoen kabalkadakoa da ekitaldi bati lotutako azken adibidea. Oso bestelakoa izan zen titularra, urtarrilean: “Errege Magoak Madalenatik sartuko dira Iruñera, eta udaletxeko balkoietatik agurtuko dituzte haurrak”.

Exekutiboak azaldu duenez, gaur “hainbat kale itxiko dira zirkulaziora, eta trafikoa beste batzuetatik desbideratuko da, ekitaldira bertaratzen diren pertsonen eta inguruko bizilagunen segurtasuna bermatzeko”. Alde Zaharrera joateko garraio publikoa erabiltzeko gomendioa egin du udalak. “Udaltzaingoak kontu handiz ibiltzeko gomendatu du, adingabeen parte-hartzea bereziki handia baita ekitaldi horretan”, zehaztu dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!