Taser pistolak erabiliko ditu gaurtik Iruñeko Udaltzaingoak

Euskalerria Irratia 2022ko abe. 21a, 09:54

Argazkia: Iruñeko Udaltzaingoa

Iruñeko Udaltzaingoaren Herrizaingoko arduradunek daramate soinean arma berria. Momentuz, 40 agente inguruk.

Orain arte erabiltzen ez zuen arma bat zintzilikatu zuten bart Iruñeko udaltzainek: taser pistolak. Iruñeko Udaltzaingoaren Herrizaingoko arduradunen eguneroko lanaren “osagarri gisa” aurkeztu du arma Herrizaingo sailak.  

Udaltzaingoaren hitzetan, “azken belaunaldiko gailu adimenduna eta ez hilgarria” dira pistolak. Taser T7 modeloa da erosi dutena: “Esku hartzen duen pertsonaren ezaugarri fisikoetara intentsitatea egokitzeko gai dira, eta guztiz segurua da haren erabilera”.

Axon Body 2 grabazio-kamera pertsonal bat konektatuta izanen dute une oro pistolek. “Zorrotik atera eta aktibatu ondoren, automatikoki lotzen eta grabatzen hasten dira”, azaldu dute. Grabazio horiek Iruñeko Udaltzaingoko Grabazio Kamera Pertsonalak Erabiltzeko Protokoloaren arabera kudeatuko dituzte.

Pistolen erabilerak ere izanen du protokolo espezifikorik. Taserra duten udaltzainak patruilatzen egon beharko dira, hiriburuko sektore guztietan. Prestakuntza-ikastaroa jaso duten Iruñeko Udaltzaingoko kideek soilik erabiliko dute dituzte pistolak. Urtebeterako baimena emanen die ikastaroak.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!